Gizartea -
Urtarrilak 5
Errege Magoak Urumea ibaian barrena iritsiko dira Donostiako Frantzia Pasealekura
Hitzordua, goizeko 11:00etan izango da. Ondoren, Ekialdeko Magoen Kabalgata 18:00etan izango da eta 2.500 kilo gozokiz zamatuta etorriko dira.
Agencias | Redacción
Errege Magoak Urumea ibaian barrena iritsiko dira aurten Donostiara, hirian denbora gehiago egon ahal izateko. Lehenik eta behin, Frantzia Pasealekuan lehorreratuko dira bertan jarritako Gabonetako Azoka bisitatzeko eta azken opariak eskuratzeko.
Aurten, betiere eguraldia lagun bada, Ekialdeko Errege Magoek asmoa dute Donostiara Urumea ibaian barrena heltzeko. Hitzordua, ostiralean, goizeko 11:00etan izango da.
Gero, iaz egin zuten bezala, Erregeek Donostiako hainbat auzotan izango dira; oraingoan, Gros, Bidebieta, Intxaurrondo, Amara eta Antiguo bisitatuko dituzte. Aurten, nobedade gisa, Errege Postariek hartuko dituzte toki horietara hurbiltzen diren haur guztien gutunak; gero, zorro handietan eramango dituzte.
Arratsaldeko lehenengo orduetan, Errege Magoak udalera helduko dira, eta hor udaleko ordezkariak agurtu egingo dituzte eta, atsedenaldi labur baten ondoren, 15:30ean ekingo diote ohiturazko Udalbatza Aretoko harrerari. Han bi orduz izango dira.
Urtero bezala, Ekialdeko Magoen Kabalgata 18:00etan hasiko da, eta hiriko erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu: Boulebard, Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa Plaza, Legazpi eta Boulebard.
Errege Magoak 2.500 kilo gozokiz zamatuta etorriko dira, eta horiek karrozetatik desfilera doazen haurrei botako zaizkie. Gozoki guztiak egokiak izango dira pertsona zeliakoentzat. Are, 10 kilo gozoki egongo dira diabetikoentzat Udalbatza Aretoko harreran.
Kabalgatan, Erregeen bidelagun etorriko dira trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, Tren Turistikoa, Autobus Turistikoa, Dbusen autobus hibrido bat, eta Errege Mago bakoitzaren pajeak zein errege postariak. Desfilean ez dira faltako ere abere taldeak. Guztira, 500 bat parte-hartzaile aterako dira.
Kabalgata 19:00 inguru amaituko da eta, ondoren, Ekialdeko Errege Magoek hainbat ospitale bisitatuko dituzte.