Gizartea -
Gertakari larrien ostean
Bilbon gaizkile talde antolaturik ez dagoela esan du Segurtasun Sailak
Urrengoetxea ustez hil zuten mutilek, Bilboko Metroko erasotzaileek eta Barakaldon neska bat bortxatu zuten adingabeek elkar ezagutzen zutela aitortu du Beltran de Herediak.
Agentziak | Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren hitzetan, Bilbon ez dago gaizkile gazteez osatutako talde antolaturik, hiriburuan azken hilabetean izandako gertaera larriak gorabehera. Horietan guztietan mutil gazte edo adingabeak daude nahasita.
Euskadiko Zibersegurtasun Zentroaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak Beltran de Herediak, kazetariek Ibon Urrengoetxea zornotzarraren hilketan nahasitako bi adingabeez galdetu diotenean, nonbait, 'The Getto Family' izeneko taldeko kide direla esan baitute. Adingabe horiek zentroetara eraman dituzte: 16 urtekoa Zumarragako zentrora eraman dute, eta 13 urtekoa, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen batera.
Beltran de Herediak onartu duenez, azkenaldian jazotako gertakari larriekin nahasitako gazteek elkar ezagutzen zuten, baina Ertzaintzak ez duela talde antolaturik atzeman gaineratu du.
"Nahiko ohikoa izaten da gaizkile gazteek elkarren arteko harremanak izatea, askotan elkarrekin ibiltzen dira. Mundu berean daude, delituak egiten, eta gainera Ertzaintzak ezagutzen ditu, hainbat aldiz atxilotu dituztelako, zenbait lapurrengatik", azaldu du.
Hain zuzen, Urrengoetxearen heriotzarekin lotuta dauden gazteez hitz egin du, bai eta Bilboko Metroan izandako erasoarekin zerikusia dutenen gainean eta Barakaldon neska bat taldeka bortxatu zutenei buruz: "Guztiek ezagutzen dute elkar, eta harremanak dituzte, handia ala txikia. Gauza bera gertatzen da gainerako hirietan, ez bakarrik Bilbon. Gaizkile gazteak dira, eta toki berdinetan ibiltzen dira", berretsi du.