Gizartea -

Botikak

E-rezeta beste autonomia erkidego batzuetan ere erabil daiteke jada

Madrilen, Andaluzian, Balearretan eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetan ez beste erkidegoetako farmazietan erabili ahalko dute EAEko herritarrek errezeta elektronikoa.

Farmazia bat EAEn. Argazkia: EiTB.
Farmazia bat EAEn. Argazkia: EiTB.
Euskal e-rezeta erabilgarri izango da Estatuko botiketan

1:18

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleek errezeta elektronikoa erabili ahal izango dute beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan, eta erkidego horietako herritarrek, berriz, Euskadin. Madrilen, Andaluzian, Balear uharteetan eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetan ez beste guztietan erabili ahalko dute.

2013an amaitu zen errezeta elektronikoaren hedapena Euskadiko osasun sisteman. Ordutik, Osakidetzako lehen mailako arretako eta osasun mentaleko zentro guztiak eta Euskadiko farmazia guztiak ari dira errezeta elektronikoarekin lanean.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, errezeta elektroniko elkarreragingarria ezartzeak zuzenean eragingo die herritarrei, izan ere, botikak egoki eta zentzuz erabiltzen lagunduko du, botikak eskuratzeko prozesua arinduko du, tratamenduak agintzen direnean ez da osasun-zentrora joan beharrik izango, ez da errezeta galtzeko arriskurik izango (paperezkoekin gertatzen zen bezala), ez da botikarik luzaroan pilatu beharrik izango, eta erabiltzaileentzat askoz ere erosoagoa eta, batez ere, seguruagoa izango da, jatorrizko osasun-zentroan norberaren medikuak agindutako tratamenduarekin jarraitu ahal izango baitute.

"Botikak Euskadiko farmazietan eskuratzen ditugun bezala, berdin-berdin eskuratu ahalko ditugu gainerako autonomia erkidegoetako farmazietan; nahikoa da norberaren osasun-txartela aurkeztea”, azpimarratu du Darponek.

Sailburuak emandako datuen arabera, 2016an Euskaditik kanpo zeuden 132.000 pertsonari saldu zitzaizkien botikak Estatuko gainerako autonomia erkidegoetako farmazietan. Pertsona horiek guztira 663.212 errezeta behar izan zituzten (batez beste, 5 errezeta pertsonako).

Lurraldeen arabera, errezeten % 50 Euskadirekin muga egiten duten autonomia erkidegoetan bideratu ziren, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan eta Gaztela eta Leonen.

Euskadiko farmazietan bideratutako beste autonomia erkidego batzuetako errezetei dagokienez, 33.086 errezeta bideratu ziren urte berean.

Orain arte 136 milioi errezeta elektroniko bideratu dira Euskadin, eta gaur egun bideratzen diren errezeta guztien % 97 elektronikoki bideratzen dira.

Hala eta guztiz ere, Darponek Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari eskaria egin dio, atzerriko osasun-zerbitzuen eskumena horrek duen aldetik, Europar Batasunean lanean jarrai dezan errezeta elektronikoa nahiz historia kliniko digitala bera EBko gainerako herrialdeekin elkarreragingarria izan dadin pertsona guztien onerako, gero eta mugikorragoa den mundu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia bideoak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Madril albisteak gaur Sendagaiak Farmaziak gaur