Gizartea -

Herrizaingo Saila

Bilbon labanaz egindako erasoa homofoboa izan zela uste du Ertzaintzak

Ustezko erasotzaileak 17 urte ditu eta astelehenean atxilotu zuten. Labankadaz zaurituetako bi gazteetatik batek ospitalean jarraitzen du eta haren egoera oso larria da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den igandean lau adingabek bi gazteren aurka Bilbon egindako erasoaren atzean arrazoi homofoboak daudela uste du Ertzaintzak, Herrizaingo Sailaren iturriek jakitera eman dutenez.

Gertakariak Bilboko Zazpi Kaleetan jazo ziren eta erasoan 15 eta 17 urte arteko lau gaztetxok hartu zuten parte, baina labankadak pertsona berak eman zituela uste du Ertzaintzak, atzo atxilotu zuten adingabeak, hain zuzen ere.

Biktima baten testigantzaren arabera, lau adingabeek inguratu egin zituzten eta eztabaida piztu zen. Halako batean, lauetako batek ukabilkadaz jo zien eta labana batez eraso egin zien. Gazteetako bati zauri larria eragin zion sabelaldean eta besteari zenbait ebaki lepoan.

Erasotzaileek ihesari eman zioten eta gazteetako bat haien atzetik joan zen, Ertzaintza ohartarazi zuen eta susmagarrien inguruko datuak eman zituen. Hiruk Areatza aldera egin zuten ihes eta laster atxilotu zituzten. Laugarrena, berriz, atzo atzeman zuten.

Sastadaz sabelaldean zauritutako lagunak Basurtuko Ospitalean jarraitzen du eta haren egoera oso larria da. Haren lagunari, aldiz, senda-agiria eman zioten.

Bi gazteek jarritako salaketa aintzat hartuta, Ertzaintzak uste du eraso homofobo baten aurrean aurkitzen garela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea