Gizartea -
Atxiloketa
Hiru pertsona atxilotu dituzte Sopelako etxe batean izandako lapurretagatik
Bilbon eta Barakaldon egin dituzte atxiloketak. Lapurrak banatzaileak zirela esanda, etxera sartu ziren, eta, bizilagunak lotu ondoren, bitxiak eta dirua ostu zituzten.
EiTB.EUS
Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu zituen atzo Sopelan abendu amaieran bortxaz egindako lapurretarekin zerikusia dutelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Lapurreta abenduaren 22ko arratsaldean jazo zen, Bizkaiko udalerri horretan. Antza, hiru lapurrak banatzaile gisa aurkeztu ziren, eta atea zabaldutakoan, etxera sartu ziren eta bertan zeudenak lotu zituzten eta ahoa estali zieten. Halaber, lapurretarekin aurrera jarraitu zuten, senide gehiago heldu arren. Horiek ere, aurrekoak zeuden gelan sartu zituzten, aurrekoak bezala, eta etxea miatzen jarraitu zuten, diruaren eta bitxien bila. Etxearen kanpoaldean zain zuten auto batean egin zuten ihes hirurek.
Atxiloketak atzo goizean egin zituen Ertzaintzak, Bilbon eta Barakaldon. Atxilotutakoetako baten etxebizitzan eta lokalean miaketak egin zituzten agenteek, eta honakoa topatu zuten: hainbat bitxi, simulatutako pistola bat eta puntzoia izateko zorroztutako bihurkin bat.
Miaketan aurkitutako pistola faltsua. Argazkia: Ertzaintza
32, 33 eta 36 urteko hiru gizonezko dira atxilo hartutakoak, eta gaur goizean eraman dituzte epailearen aurrera.
Ertzaintzak ikertzen jarraituko du lapurretan parte hartu zuten kide guztiak identifikatzeko eta antzeko delituekin zerikusia ote duten zehazteko.