Gizartea -
DROGA
Khat izeneko estupefazientearen 30 kilo atzeman dituzte Hondarribiko aireportuan
Nairobitik zetorren bidaiari baten maletetan aurkitu dute droga. Europan orain arte oso gutxi zabaldu da aipatu hori.
ERREDAKZIOA
Khat izeneko estupefazientearen 30 kilo atzeman zituzten atzo Hondarribiko aireportuan, Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak elkarlanean egindako operazio batean. Nairobitik (Kenya) zetorren bidaiari baten bi maletetan zegoen droga ezkutatuta.
Zerga Agentziaren Aduanetako Zaintza zerbitzuek abiatu zuten ikerketa, Nairobin hegazkina hartu zuen gizonezko kanadar baten ekipajeari susmagarri iritzita. Abisua jaso ondoren, kontrol berezia ezarri zuten Hondarribiko aireportuko zaintza arduradunek, eta horren ondorioz atzeman zuten droga.
Europan orain arte oso gutxi zabalduta dago khat izeneko drogaren kontsumoa. Landare bat da, zuhaixka moduko bat, eta murtxikatuz gero, efektu estimulatzailea du. Somalian, Etiopian eta Yemenen, kasurako, oso zabalduta dagoen droga da.
Polizia iturrien arabera, merkatu beltzean khat kiloa 300 euro inguruan sal daiteke.