Gizartea -
Istripua kostaldean
Arratsaldean aterako dute Deban hondartu den arrantza-ontzia
Operazioaren prestatze-lanak gaur goizean hasi dituzte. Ontzia biotopo babestu batean hondartu da, eta Zumaiako Udalak uste du balitekeela ekosistemak kalteak izatea.
Erredakzioa
Atzo goizaldean Deba parean hondartu zen arrantza-ontzia, Motxo bermeotarra, gaur arratsaldean aterako dute, itsasgorarekin bat, Itsas Salbamenduak jakinarazi duenez.
Ontziko bederatzi tripulatzaileak atzo goizean erreskatatu zituzten, helikopteroz, eta denak onik zeuden.
Arrantza-ontzia ateratzeko lanak atzo bertan abiatu zituzten, baina arratsaldean bertan behera utzi zituzten, eguraldi txarraren ondorioz. Gaur goizean berriz ekin diete.
Motxo ontzia Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan hondartu zen, eta beraz, azken herri horretako Udalak uste du balitekeela ekosistemak kalteak izatea. Izan ere, ontziak "sareak zabalik" zituela jakin izan dute, "iturri batzuen bidez".
Bere aldetik, Itsas Salbamenduak zehaztu du barkuak ez duela erregai isuririk eragin, eta egiturak ez duela kalte handirik. Dena dela, ontzia hondotik atera arte ezin izango dute hori guztiz egiaztatu.