Gizartea -

Arrantza-ontzia

Deban hondartutako ontzia irauli da haitzartetik ateratzerakoan

Zenbait lekukoren arabera, arrantza-ontziak erregaia isuri du itsasora erreskate lanetan, baina itsasoko salbamenduak ez du isuria egiaztatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Deban hondartutako "Motxo" arrantza-ontzia irauli egin da gaur salbamendu lanetan ari zirela.

Deba eta Zumaia arteko eremu babestuan hondartu zen arrantza-ontzia, eta salbamendu lanetan ari zirela erregaia isuri du itsasora, zenbait lekukok Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Gasolio usain handia nabaritu dutela eta olatuak direla eta laster desegiten diren zenbait koipe orban ikusi dituztela esan dute lekukoek.

Salbamendu taldeek, ordea, ez dute isuria egiaztatu oraindik, baina likidoak geldiarazteko ur gaineko hesiak jarri dituzte jada segurtasun gisa.

14:00 aldera harkaitzetik ateratzeko lanean ari zirela, hondartuta eta gilaren gainean ezarrita gelditu da "Motxo" arrantza-ontzia.

Antza denez, salbamendu lanetan erabilitako soka apurtu egin da, eta ontziaren branka harkaitzetara begira gelditu da.

Salbamendu taldeek lanean ari dira ontziarekin zer egin erabakitzeko, baina denbora gutxi dute itsasbehera heldu arte.

Atzo "Motxo" ontzia Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan hondartu zen, eta ontziko bederatzi tripulatzaileak erreskatatu behar izan zituzten helikopteroz. Denak onik atera ziren.

Arrantza-ontzia ateratzeko lanak atzo bertan abiatu zituzten, baina arratsaldean bertan behera utzi zituzten, eguraldi txarraren ondorioz. Gaur goizean berriz ekin diete, baina uste baino zailagoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea