Gizartea -
Nafarroa Oinez
2011ko Nafarroa Oinez aurkeztu dute, 'Hamaika 11n' lemapean
Tafallako Garces de los Fayos ikastola izango da datorren ediziorako lekuko, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (DBH) eraikin berri bat egitea izango du helburu.
Erredakzioa
Tafallako Garces de los Fayos ikastolak 2011ko Nafarroa Oinezen ospakizuna hartuko du datorren urterako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eraikin bat egitea izango du helburu, oraingo eraikinean Haur eta Lehen-Hezkuntza soilik emateko.
Ikastolak orain, 40 urteko ibilbidea egin ostean, 380 ikasle ditu, 263 Tafallatik datozenak eta 117 eskualdekoak (Artaxoa, Orbaibar, Erriberri), eta euskara, gaztelania, ingelesa eta frantseseko irakaskuntza eskaintzen ditu.
Ikastetxeak Nafarroa Oinezen bildutako diru-kopuruarekin ''zero isurpenak'' dituen eraikuntza jasangarriko eraikin bat egitea aurreikusten du, kontuan hartuta bederatzi urte barru eraikin publiko guztiek ezaugarri horiek izan beharko dituztela.
Horiek dira Nafarroako ikastolen ildo garrantzitsuenak 2011rako, dagoeneko logotipo eta leloa dituelarik.
Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendariak, Peio Marinelarenak, adierazi duenez, "30 urte dira Nafarroa Oinezen gurpila Altsasuko kaleetan ibiltzen hasi zela" eta urteroko jaialdi hau "beharrezkoa da ikastolak ezinbestekoak baitira euskararen eta gure kulturaren garapenerako".