Gizartea -

ZIRKULAZIO ISTRIPUA

Bi gidari hil dira Galdakaon autobus batek eta kamioi batek aurrez aurre talka eginda

Hildakoak 31 urteko autobus gidari bilbotarra eta 41 urteko kamioilaria dira. Ezbeharra 06:05ean gertatu da N-240 errepidean. Istripuaren ondorioz, errepidea erabat itxi dute bi norabideetan.

Istripu larria Galdakaon. Argazkia: Iker Salgado.
Istripu larria Galdakaon. Argazkia: Iker Salgado.
Bi pertsona hil dira Galdakaon, autobus batek eta kamioi batek talka eginda

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gidari hil dira gaur goizean N-240 errepidean, Galdakaon, kamioi batek eta Bizkaibus konpainiako autobus batek aurrez aurre talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Autobus gidariak 31 urte zituen eta Bilbokoa zen; kamioilariak, berriz, 41 urte zituen eta Mena haranean (Burgos) bizi zen, baina jaiotzez bizkaitarra zen.

Ezbeharra 06:05ean gertatu da, N-240 errepideko 55. kilometroan, Galdakao parean.

Autobus gidaria eta kamioi gidaria harrapatuta gelditu dira, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte, baina bertan hil dira.

Bizkaibus konpainiaren ibilgailua San Migel - Basauri - Bilbo (Begoñatik) linearen goizeko zerbitzua hastekoa zen, eta Bilboko Bailen kalera zihoan. Ondorioz, istripua gertatu denean, ez zegoen bidaiaririk autobus barruan.

BIZKAIBUS AUTOBUSA ISTRIPUA GALDAKAO argazkia IKER SALGADO

Istripua izan duen autobusa. Argazkia: Iker Salgado.

Istripua izan duen kamioia. Argazkia: Iker Salgado

Errepidea erabat itxi behar izan dute bi norabideetan, eta, bitartean, Zornotzatik bideratu dute trafikoa. Bi ibilgailuak erretiratu dituzte jada, eta bidea garbitzen ari dira. Istripuak auto-ilara luzeak eragin ditu. 12:45ean berriro ireki dute errepidea.

 

 

Bestalde, AP-8 autobiderako sarbidea ere zaindu dute, eta Galdakaoko ospitalera zihoazen ibilgailuei ematen diete lehentasuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Ezbeharrak Trafikoa Lan-istripuak Galdakao bideoak Bizkaiko albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa A-8 Autobidea Bizkaibus