Gizartea -

Elur denboralea

Renferen tren bateko 51 bidaiari lau orduz harrapatuta egon dira Urkabustaizen

Elurra dela eta, arbola bat jausi da katenariara, eta matxura eragin du Bilbo eta Miranda de Ebro arteko tartean. Bidaiariak orotariko ibilgailuetan atera dituzte.

Bidaiariak orotariko ibilgailuetan atera dituzte. Argazkia: SOS Deiak
Treneko bidaiariak atera behar izan dituzte. Argazkia: SOS Deiak
Bilbotik Miranda Ebrora trenez zihoazen 51 bidaiari erreskatatu dituzte

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo-Bartzelona ibilbidea egiten ari zen Renfe konpainiaren tren bat elurretan harrapatuta geratu da gaur Inoson (Urkabustaiz, Araba), baso eremu batean, eta 51 bidaiariak lau orduz egon behar izan dira tren barruan. Azkenean, orotariko ibilgailuetan atera behar izan dituzte.

Trena 06:30ean atera da Bilboko Abando geltokitik. 07:40 aldera, pilatutako elurra dela eta, arbola bat katenariara jausi da, eta argindar etena eragin du Bilbo eta Miranda de Ebro (Burgos) arteko tartean. Matxuraren ondorioz, ez atzera ez aurrera geratu da tren hori Inoso parean.

Bidaiariak lau orduz egon dira trenaren barruan, berogailurik gabe. Izan ere, matxurak argindar barik utzi du konboia.

11:30 aldera, Arabako Gurutze Gorriak orotariko hiru ibilgailutan atera ditu bidaiariak, eta autobus batera eraman. Hain justu, autobusez egingo dute Zaragozara arteko bidea, gero trenez jarraitzeko Bartzelonara arte.

 

Bilbo eta Miranda arteko trenbidea konpondu dute, hamar ordu itxita eman ondoren

Bilbo eta Miranda (Burgos) arteko trenen zirkulazioa berrezarri dute arratsaldean, elur denboraleak eragindako matxura konpondu ondoren.

Renfeko eta ADIFeko iturriek jakitera eman dutenez, 18:00ak aldera trafikoa berriro zabaldu dute trenbideko tarte horretan. Bilbotik eta Mirandatik bertaratu diren beharginek kalteak konpondu dituzte.

Ez atzera ez aurrera geratutako trena atoian eramaten saiatu badira ere, ez dute lortu.

Matxurak beste tren batzuei ere eragin die. Hala nola, Bilbo-Madril ibilbidea egiten duen Alvia trenari eta Bilbo-Vigo egiten duen Intercitiyari. Bidaiariak autobusez eraman dituzte Miranda de Ebrora, handik trenez jarraitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Araba Denboraleak bideoak Burgos bideoak Gizartea albisteak Elurra bideoak Gaurko azken ordukoa Renfe