Gizartea -
Abisu horia elurragatik
Herreran eta Orduñan kateak beharrezkoak dira elurragatik
Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea itxita dago igande honetan, bezperan izandako lurjausiarengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren mailako mendateak irekita daude igande goiz honetan, nahi ez Herrerako (Araba) eta Orduñako (Bizkaia) mendateetan kateak derrigorrezkoak diren.
Errepide sare nagusia zabalik dago, eta azken orduetan ez da nabarmentzeko istripurik jazo.
Bigarren mailako errepideetan Herrerako eta Orduñako portuak ziren arazo goizeko lehen orduan. Segurtasun sailak 08:30ean eman dituen datuen arabera, kateakbeharrezkoak ziren bi portu horietatik ibiltzeko.
Trafiko zuzendaritzak elurragatik arretaz gidatzeko eskatu du EAEko hainbat mendatetan: Altube, Arlaban, Azazeta, Barrerilla, Bidania, Dima, Etzegarate, Kanpaza, Sollube eta Urkiola.
Nafarroako errepide sare nagusian ere normaltasuna da nagusi, eta elurrak ez du inzidentziarik eragin, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Arretaz gidatzeko gomendioa luzatu dute elurra egin baitezake Nafarroaren erdialdean eta iparraldean.
N-634 errepidea itxita
Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea itxita dago igande honetan, bezperan izandako lurjausiarengatik. Errepidea garbitu duten arren, itxita dago.
Azken orduetan, gainera, beste bi lurjausi izan dira errepide horretan, Deban hain zuzern ere. Lehenako 06:00etan izan da, errepidearen 42. kilometroan Itziarko noranzkoan. Lurra eta harria erori dira errepidera eta erreil bat itxi behar izan dute. 08:35ean ireki dute errepidea garbiketa lanak amaitu ondoren.
Beranduago, ordea, metro gutxira lurjausi berri bat izan da eta bi erreilak itxi dituzte. Eguerdian ireki dute berriz ere errepidea.
Abisu horia asteartea bitartean
Gogoratu, igande, astelehen eta astearte honetarako abisu horia ezarri dutela elurragatik.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur goizean zaparrada txikiek jarraipena izango duten arren, gero eta urriagoak eta sakabanatuagoak izango dira. Arratsaldean han-hemenka zarrastada batzuk botako baditu ere, oro har ateri eutsiko dio.
Elur-kota 500-600 metro inguruan kokatuko da goizean eta egunaren bigarren partean 600-800 metrora igoko da. Ipar-mendebaldetik joko du haizeak goizean eta iluntzerako ipar-ekialdetik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez, hotz egingo du lurralde osoan.