Gizartea -

Gasteiz

Txakurra 7. solairutik bota zuen gizona zentro batean sartzea eskatu dute

Arabako Fiskaltzaren arabera, akusatuak 'pasarte psikotiko laburra' izan zuenez, salbuetsi egiten du guztiz.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iaz zazpigarren solairutik behera botata txakur bat hiltzeagatik Gasteizko Udaltzaingoak atxilotutako gizona zentro batean sartzea eskatu du Arabako Fiskaltzak. Gehienez bi urte eta erdiz egon beharko luke.

Akusazioaren idatzian zehaztu denez, 2017ko urtarrilaren 3an gertatu zen. Akusatua, "oso urduri zegoela", etxetik kalera gauzak botatzen hasi zen. Momentu jakin batean, Rottweiler arrazako txakurra ere jaurti zuela azaldu du Fiskaltzak. Kolpearen ondorioz, animalia hil egin zen.

Udaltzainak gizona gelditzen saiatu zirenean, agenteei ostikoak eta ukabilkadak eman zizkien. Halaber, poliziaren kotxe barruan sartu zutenean, burukadak ematen hasi zen.

Arabako Fiskaltzaren arabera, akusatuak "pasarte psikotiko laburra" izan zuenez, salbuetsi egiten du guztiz.

Hori dela eta, erabateko absoluzioa nahi du akusatuarentzat, gehienez bi urte eta erdiz zentro batean sartzeaz gain. Horrez gain, bi urtez sendagilearen tratamendua jarrai dezala ezarri dio, eta hiru urtez ezin izango du animaliarik eduki.

Honako delitu hauek egotzi diozkiote akusatuari: animaliei tratu txarrak ematea eta autoritateari erresistentzia egitea. Epaiketa datorren astean egingo dute Gasteizko epaitegi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Animaliak azken ordukoa