Gizartea -
Indiako Ozeanoan
'Erroxape' ontziaren segurtasunak itsaslapurren eraso bat saihestu du
Piraten txalupa bat jarraitzen ari zitzaiola antzeman du euskal atunontziak eta segurtasun agenteek tiro egin behar izan dute itsaslapurrak aldentzeko.
Erredakzioa
Erroxape euskal atunontziaren segurtasun pribatuko agenteek piraten eraso bat saihestu dute Indiako Ozeanoan, euskal ontzidiko iturriek gaur jakitera eman dutenez. Erroxape-k Bermeon (Bizkaia) du egoitza.
Piraten txalupa bat jarraitzen ari zitzaiola antzeman du Erroxape-k eta segurtasun agenteek tiro egin behar izan dute itsaslapurrak aldentzeko.
Itsaslapurrek tiroak entzun dituztenean atunontzia erasotzeari utzi diote. Itsasontzia zonatik aldendu da abiadura bizian, erasotzaileak atzean uzteko.
Erroxape Bermeoko Echebastar enpresako atunontzia da. Enpresa berdineko Demiku ontziak iragan asteburuan eragotzi zuen antzeko eraso bat, eta Elai Alai-k urriaren 31n. Alakrana Echebastar enpresako itsasontzia da eta Somaliako piratek 47 egun izan zuten bahiturik.