Gizartea -
LUIZIA
Pasaian etxetik irtenarazi zituzten 11 bizilagunak dagoeneko etxera itzuli dira
Pasaiako Udalak baieztatu duenez, ez dago eraikina erortzeko arriskurik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luizi baten ondorioz atzo Pasaian etxetik irtenarazi zituzten Azkuene kaleko 48. zenbakiko 11 bizilagunak dagoeneko etxera itzuli dira. Izan ere, Pasaiako Udalak baieztatu duenez, ez dago eraikina behera erortzeko arriskurik.
Izaskun Gomez Pasaiako alkateak azaldu duenez, azken egunotako euriteen ondorioz lurra ezegonkor zegoela egiaztatu zuten suhiltzaileek, eta, "segurtasun" arrazoiak tarteko, bizilagunak bertatik ateratzea erabaki zuten, eraikina behera erortzeko arriskurik dagoen argitu arte.
Udalak hotel batean eman zien ostatu lau heldu eta neskatori, eta gainerako bizilagunek senide eta lagunen etxeetan igaro dute gaua.
Gaur goizean, bi arkitektok lau solairuko eraikina aztertu dute, eta behera erortzeko arriskurik ez dagoela egiaztatu dute. Hori dela eta, Izaskun Gomez alkatearen esanetan, bizilagunak berehala itzuli ahal dira beren etxeetara.
Bestalde, lursail pribatua izaki, euste-horma eraikitzea kaltedunei dagokiela azpimarratu du Pasaiako Udalak.