Gizartea -

Ekintza

Greenpeacek protesta egin du Bilboko Portuan armen esportazioa salatzeko

Erakundeko kideak 'Bahri Tabuk' ontziko amarretan zintzilikatu dira. Greenpeaceren hitzetan, arma horiek Saudi Arabiara eramango dituzte, Yemengo gerran erabiltzeko.

Greenpeaceko ekintzaileak goizean egin duten ekintzan. Argazkia: EFE
Greenpeaceren protesta Bilboko Portuan. EFE
Armaz betetako ontzi bat geldiarazi du Greenpeacek Bilboko Portuan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greenpeace erakundeko ekintzaileek protesta egin dute gaur Bilboko Portuan armen esportazioaren kontra. Salatu dutenez, armak Bahri Tabuk ontzian kargatu eta Saudi Arabiara eramango dituzte Yemengo gerran erabiltzeko.

Aurretik ere salatu du armen salmenta erakunde ekologistak. Irailaren 22an, esaterako, materiala ontzian kargatzea saihesteko protesta egin zuten, Arabako enpresa batean ekoitzitako armaz eta lehergailuz betetako kontainer handi batzuen gainera igota. Sei orduz egon ziren han.

Oraingo honetan, Bahri Tabuk ontziaren amarretan zintzilikatu dira bederatzi ekintzaile, beste bi uretan pankartak zabaldu dituzten bitartean. "Zibilak hiltzeko Espainia markako armak" eta "Zibilak hiltzeko arma gehiagorik ez" mezuak irakur zitezkeen pankartotan.

2017ko martxoan zabaldu zen Bilbotik Saudi Arabiara armak bidaltzen zirela. Kontzientzia-eragozpena argudiatuta, bonba kargamentu bat itsasontzi batera igotzeko laguntza-taldean parte hartzeari uko egin zion suhiltzaile bati espedientea zabaldu zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta harrabotsa sortu zen.

Greenpeaceren esanetan, Saudi Arabiari armak saltzea "legez kanpokoa" da Espainiako Gobernuak ezin duelako egiaztatu Yemengo gerran erabiliko ez dituztela, zibilen kontra. Gatazka honetan 9.000 zibil hil eta 52.000 zauritu dituzte.

 

 

Erakunde ekologistak emandako datuen arabera, 2014 eta 2016 urteen artean 995 milioi euro balio duten armak saldu zizkion Espainiak Saudi Arabiari.

Greenpeacek salatu duenez, Estatuak Sekretu Ofizialen Legea erabiltzen du horren inguruko informaziorik ez emateko aitzakia moduan.

 

Protesta ondoren atxilotutako ekintzaileak askatu dituzte

Zazpi orduko atxilo-aldiaren ondoren, Bilboko Portuko protestan parte hartu duten bederatzi ekintzaile askatu dituzte arratsaldean.

Lau ekintzaile Guardia Zibilaren Laredoko (Kantabria) polizia-etxean zeuden, eta beste bost Bilboko Portuan atxiloturik. Desordena publikoa eta desobedientzia egotzi diete, Greenpeacek jakitera eman duenez.

Bilboko Portutik armak esportatzearen aurkako manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta. Greenpeacek mobilizazioan parte hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Bilbo Bilboko Portua bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eskubide unibertsalak Asia albisteak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Zer gertatzen ari da Saudi Arabian?