Gizartea -

Protesta

Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bilboko Portutik egiten den arma salmentaren aurka

Ehunka pertsona bildu dira gaur goizean Bilbon, Gobernu Zibilaren egoitzaren parean, Bilboko Portutik Saudi Arabiara egiten den arma salmenta salatzeko.

Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen elkarretaratzea Bilbon. EiTB
Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen elkarretaratzea Bilbon. EiTB
Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen elkarretaratzea Bilbon. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak deituta, ehunka pertsona bildu dira gaur goizean Bilbon, Gobernu Zibilaren egoitzaren parean, Bilboko Portutik Saudi Arabiara egiten den arma salmenta salatzeko.

Greenpeaceko hainbat kidek ere hartu dute parte Moyua Plazako ekimenean. Ostiralean, Bahri Tabuk itsasontzia material belikoa kargatzen ari zela protesta baketsua egin zuen talde ekologistak.

"Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuaren arteko koalizioa Yemen suntsitzen ari da 2015. urteaz gero. Bereizi gabe bondardatzen ari da, terrorismoaren aurka ari dela argudiatuta: ikastetxeak, merkatuak, etxeak, ospitaleak eta herritarrak, dauden tokian daudela", salatu du plataformak.

Gaurko protestan ohartarazitakoaren arabera, "orain arte 60.000 hildako eta zauritu daude, eta hiltzera kondenatuta daude epe laburrean, laguntzarik ez dutelako".

"Urrun dagoela iruditu arren, hemen bizi garen pertsonak badugu arazoaren berri. Izan ere, gure portutik, agintari guztien onespenarekin eta gure eskulanarekin, armak eta lehergailuak kargatzen ari gara itsasontzi saudiarabiarretan hilero oraintxe bertan. Hala, hainbat parlamentuk eta nazioarteko erakundek salatu eta Saudi Arabiako diktadurak babestutako gerra elikatzen da", azaldu dute gaur.

Ongi Etorri Errefuxiatuak antolakuntzaren aburuz, "heriotza eta suntsipena eragiteaz gain, pertsona ugari kanporatzen ditu gerrak, babes eta asilo eske". Horrenbestez, bozeramaileek ondorioztatu dutenez, "beharrezkoa da ardura-katea etetea hasieratik, hemendik abiatuta, Bilboko Portutik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Errefuxiatuak