Gizartea -

Ikerketa

Adingabeen % 24 pobreziaren atarian daude Espainian, Unicefen arabera

Familia ugarietan edo guraso bakarreko familietan eta lanik gabe edo lanpostu ezegonkorrak dituztenetan nagusi da haurren pobrezia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia bi milioi adingabe (% 24,1) pobreziaren atarian daude Espainian, euren gurasoen soldata Estatuko batez bestekoa (1.858 euro gordin hilean) baino % 60 baxuagoa delako.

Unifecek aurkeztu duen ''Haurtzaroa Espainian 2010-2011'' ikerketaren arabera, familia ugarietan edo guraso bakarreko familietan eta lanik gabe edo lanpostu ezegonkorrak dituztenetan nagusi da haurren pobrezia.

Europar Batasuneko kide diren 27 herrialdeen zerrendaren azken postuetan dago Espainia. Horren atzetik Errumania, Bulgaria, Letonia eta Italia baino ez daude.

Ikerketak argitara atera duenez, datu horrek gora egin du 2005etik, orduan % 23 baitziren pobreziaren atarian zeuden adin txikikoak. Egileen arabera, krisi ekonomikoak haurrengan duen eragina kezkagarria da eta hasierako zantzuak baino ez dira.

Haurren txirotasunari aurre egiteko baliabideak eta gizarte politikak diseinatu eta planifikatu behar direla uste du Unicefek.

2008 datuen arabera, Espainia eta Grezia dira familia eta haurtzaroari diru publiko gutxien zuzentzen duten EBko herrialdeak. Hain zuzen, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 0,7 bideratzen dute, eta EBko batez bestekoa % 2,3koa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea