Gizartea -
Garraioa
Etxe-abereak metroan eta trenean bidaiatzea onatu du Jaurlaritzak
Horretarako hainbat arau jarri dira, eta bai Metro Bilbaok eta Euskotrenek, bere zerbitzuetan, bai animalien jabeek zorrotz bete beharko dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Metro Bilbao eta Euskotreneko erabiltzaileek etxe-abere bat eraman ahal izateko aukera onartu du, animalia arriskutsua ez bada, eta forma, tamaina, zarata edo usainarengatik besteei trabarik eragiten ez badie. Iñaki Arriola Garraioetako sailburuaren arabera, “bi konpainietako langileek erabakiko dute animalia bakoitza arriskutsua den edo besteei trabarik eragiten dien”.
Garraio Sailaren asmoa da maskota baten jabe direnek arazorik gabe bidaiatu ahal izatea garraiobide publikoan, eta horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzea. Horretarako hainbat arau jarri dira, eta bai Metro Bilbaok eta Euskotrenek, bere zerbitzuetan, bai animalien jabeek zorrotz bete beharko dituzte.
Maskotarekin doazen erabiltzaileek arau hauek bete beharko dituzte:
· Metro Bilbaori dagokionean 8kg-ra arteko pisua duten etxe-abereak eramaten utzi beharko du.
· Etxe-abereek ezin izango dute jarlekurik okupatu. Metroan, kutxa berezi batean eraman beharko dira; eta Euskotrenen, lotuta edo jabearen besoetan, eta sartzen direnetik geltokitik atera arte sokarekin lotuta eraman beharko dute.
· Debekatuta dago animalia exotikoak eramatea (narrastiak, armiarmak, intsektuak, …).
· Debekatuta dago legeriaren eta indarrean dagoen araudiaren arabera arriskutsutzat jotako txakurrak konpainia horien instalazio eta ibilgailuetara sartzea.
· Segurtasun-arrazoiengatik, animalia, jabeak berak eraman beharko du, eta arreta handiagoa jarri txartela balioztatzeko makinen inguruan, ibilgailuetako sarreran, eta, oro har, ibilgailuko eta instalazioetako ateak ireki eta ixterakoan, maskotak kalterik izan ez dezan.
· Bi konpainiek eskubidea izango dute jende-pilaketa handiko uneetan (kirol-ekitaldi, jai, zerbitzu berezi, eta bestelakoetan) animalien sarrera mugatzeko.
Gainera, maskotekin doazen bidaiariei gomendatzen zaie, “ziurtatzeko beste bidaiariek ondo hartzen dutela animalia”, adierazi du Arriolak. Horrelakoetan, komeni da “animalia daramana ibilgailuaren beste alde batera joatea”, nabarmendu du.
Lanegunetan, onena da goizeko hamarretatik aurrera bidaiatzea animaliekin, bidaiarien eta animalien arteko bizikidetza errazteko.