Gizartea -

Bizkaian

16 urteko bi gazte atxilotu dituzte Galdakaon pistolaz hainbat lapurreta egiteagatik

Adingabeek Galdakaoko zenbait botiketan eta Sestaoko supermerkatu batean egin zituzten lapurretak. Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dituzte jada.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 16 urteko bi adingabe atxilotu zituen Galdakaon (Bizkaia), aurreko astelehenean, pistolaz udalerri horretako hainbat botiketan eta Sestaoko supermerkatu batean lapurtzea egotzita.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lehen lapurreta abenduaren 27an egin zuten. Aurpegia estalita zuen gazte bat Galdakaoko farmazia batean sartu zen 19:00etan, eta pistolaz bi langile mehatxatu ostean, 300 euro eraman zituen kutxatik.

Ondoren, urtarrilaren 4 eta 22an, bi gazte udalerri horretako beste botika batean sartu ziren, aurpegia estalita zutela, eta, batek langileak mehatxatzen zituen bitartean, besteak kutxan zegoen dirua hartu zuen. Bi egunetan 400 bat euro lapurtu zituzten.

Laugarren lapurreta urtarrilaren 27an gertatu zen. Bi gazte Sestako supermerkatu batean sartu eta bi langileri gerturatu zitzaizkien, establezimendua ixteko asmoa zutenean, eta lokalean sartzera behartu zituzten berriz.

Barruan zeudenean, lapurretako batek langilea mehatxatu zuen pistola bat erabilita, eta besteak kutxa irekitzera behartu zituen, 40 euro hartuta.

Ertzaintzak, egindako ikerketaren ondorioz, lapurreten ustezko egileak identifikatu eta, horrezkero, 16 urteko bi adingabeak atxilotu zituen. Adingabeen Fiskaltzaren esku daude dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao bideoak Sestao Bizkaia Delituak azken ordukoa Albisteak