Gizartea -
Donostian
Mirakruz kalea zabalik da sutearen ondorioz itxita egon ostean
21:00etatik aurrera berriro itxi egingo dute suak hartutako eraikina behera botatzeko lanekin jarraitzeko.
Erredakzioa
Donostiako Mirakruz kalea hiriburutik irteteko bide nagusienetarikoaren zati bat zabaldu egin dute gaur goizean. Atzo goizaldean kalea itxi egin behar izan zuten bertako eraikin batean izandako sutearen eta eraikinaren botatzearen lanen ondorioz.
Donostiako Udalak jakitera eman duenez, egunean zehar kale horretako bi errei trafikorako zabalik izango dira Ategorrietako noranzkoan.
21:00etatik aurrera, kalea berriro itxi egingo dute eraikinaren eraisketa lanekin aurrera jarraitzeko. Lan horiek atzo hasi zituzten udaleko teknikariek eraikinaren “hondakinak” bakarrik geratzen zirela ikusita.
Biktimarik gabeko sutea
Sutea atzoko 06:00etan gertatu zen eta kalte handiak eragin zituen Mirakruz kaleko 36 zenbakidun eraikinean. Hiru pisutako etxea hutsik zegoen, abandonatuta, eta batzuetan “okupak” izaten ziren bertan.
Biktimarik egon ez bazen ere, sugarrek tamaina handia hartu zuten eta erakinaren egurrezko azpiegitura hartu zuten, ondoko eraikineko bizilagunak kanpora ateratzera derrigortuz.