Gizartea -
Trena
Arriolak Bizkaiko eredua proposatu du Donostialdeko metroa ordaintzeko
Gipuzkoako Aldundiak udal batzuen laguntza eskatu du azpiegitura finantziatzeko, baina Garraio sailburuak nahiago du udalak kanpoan geratzea.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako, Irungo eta Hondarribiako udalen laguntza eskatu du Donostialdeko metroa finantziatzeko, baina Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko eredua proposatu du, udalak proiektutik kanpo utziz.
Aldundiak txosten bat bidali zion atzo Garraio Sailari Donostialdeko metroaren inguruan duen iritzia azaltzeko. Gaur, Jaurlaritza eta Donostiako Udala izan dira prentsaurreko batean Aldundiaren eskariari erantzun diotenak.
Aldundiak gogorarazi die trena Eusko Jaurlaritzaren eskumen "esklusiboa" dela, baina lanen finantziazioan parte hartzeko prest agertu da, argi utziz metroarekin zerikusi zuzena duten lanetan soilik sartuko dela, ez EuskoTren XXI Egitasmoan aurreikusitakoetan.
Aldundiaren idatzia jaso eta hurrengo egunean, Iñaki Arriola Garraio sailburuak Bizkaiko ereduaren antzeko lan-hitzarmena sinatzea proposatu dio Aldundiari; hau da, lanak Jaurlaritzak eta Aldundiak bere gain hartzea.
Bizkaian udalen laguntza ekonomikorik ez zela eskatu gogorarazi ostean, Gipuzkoako udalek ez dutela "trataera desberdina" izan behar azpimarratu du Arriolak. Era berean, "proiektua oztopatzen edo zailtzen duten baldintzarik ez jartzeko" eskatu dio Aldundiari.
Odon Elorza Donostiako alkateak, bere aldetik, uste du ez dela udalen ardura lanak finantzatzea eta Udalaren esku dagoen lurzorua saldu behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren edo Aldundiaren esku utziko duela argitu du, metroa finantzatzeko.