Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bost gizon atxilotu dituzte Nafarroan emakumeen aurkako indarkeria leporatuta
Erasoak azken egunotan gertatu dira Iruñean, Valtierran, Tuteran eta Zarrakaztelun.
eitb.eus
Foruzaingoak bost gizon atxilotu ditu azken egunotan genero indarkeria egotzita. Erasoak Iruñean, Valtierran, Tuteran eta Zarrakaztelun gertatu ziren. Argiketak kasu bakoitzari dagokion epaitegira bideratu dute.
Iruñean, emakume batek 33 urteko senarra salatu zuen irainak eta kolpeak jasan ostean; aurretik ere pairatu zituela gaineratu zuen. Gizona polizia-etxera eraman zuten, eta han atxilotu zuten.
Valtierran, berriz, zigor aurrekariak zituen 37 urteko gizon bat atxilotu zuten. Udaltzainak erasoa gertatutako etxean bertaratu ziren, eta gizonak urradurak zituela eta emakumeak begian kolpea zuela ikusi zuten. Emakumeak hasiera batean gizonaren aurkako salaketa jarri nahi zuela esan arren, azkenean ez zuen jarri, eta udaltzainek ofizioz jakinarazi zion gertatutakoa Tuterako epaitegiari.
Tuteran, 37 urteko gizon bat atxilotu zuten sexu eraso delitua egotzita. Erasoa Tuterako taberna batean gertatu zen; bezero batek ukituak egin zizkion tabernariari haren baimenik gabe. Biktimak poliziari deitu eta bertaratutako patruilak biekin hitz egin ostean, ustezko erasotzailea atxilotu zuen. Ondoren, epailearen aurrean jarri zuten, eta epaileak biktimari hurbiltzeko debekua ezarri zion.
Tuteran ere, udaltzainek foruzainen esku jarri dute 40 urteko gizon bat. Erasoa Tuterako diskoteka batean gertatu zen; hainbat lekukoren hitzetan, gizonak emakumea kolpatu zuen eta konortea galdu zuen. Gizonak bertatik ihes egin zuen, baina haren etxean atxilotu zuten geroago.
Azkenik, Zarrakaztelun, 40 urteko gizon bat atxilotu zuten. Segurtasuneko agenteek atxilotu zuten, bikotekideak horren kontrako salaketa jarri ostean.
Azken bost atxilotuak kontuan hartuta, 63 dira jada Foruzaingoak aurten genero indarkeria dela-eta atxilotutako gizonak.
_______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.