Gizartea -
Heriotza duina
Gobernuak legez arautuko ditu zainketa aringarriak eta heriotza duina
Rubalcabaren hitzetan, "lege proiektu horrek ez du zerikusirik eutanasiarekin".
Erredakzioa
Datorren martxoan Espainiako Gobernuak lege proiektu bat onartuko du "zainketa paliatiboak eta heriotza duina" arautzeko, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak jakinarazi duenez. Ildo horretan, eutanasiarekin zerikusia duenik ukatu du.
Rubalcabaren esanetan, gaixoen, horien senideen eta medikuen eskubideak bermatu nahi dituzte; era berean, heriotza duina izatea eta "minik gabe" hiltzeko eskubidea bermatu nahi dute.
"Erremediorik gabe" eta "sufrimenduz" hil egingo direnentzako egoeratan erabiliko litzateke.
"Norbait bere bizitzaren bukaeran dagoenean, medikuek etsipena ematen diotenean, eta beraz, irtenbiderik ez duenean eta aurretik sufrimendua eta mina baino ez duenean erabiliko da", esan du Rubalcabak.
Kasu horietan, "medikuntzak heriotza duina, minik gabekoa, ziurtatzeko erremintak ditu" gaixoarentzat, eta senideentzat.
Fratnziako araudia jarri du adibide Rubalcabak, baina argi utzi nahi izan du, heriotza aurreko sufrimenduari aurrea hartzeko izango dela legea eta ez duela eutanasiarekin zerikusirik izango.