Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bi gizon atxilotu dituzte Bizkaian emakumeak jotzeagatik

Trapagaraneko eta Ondarroako bi etxeetan izan dira erasoak, eta biktimak osasun zentroetara eraman behar izan dituzte. Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko telefonoa: 900 840 111 - 016.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu iluntzean, Trapagaranen eta Ondarroan (Bizkaia), emakumeei tratu txarrak ematea egotzita, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Trapagarango kasuan, gertakaria larunbat goizaldeko bostak aldera jazo zen. Dirudienez, atxilotua mozkortuta iritsi zen etxera. Atea zakar jo zuen, baina sartzerik lortu ez zuenez, leiho batetik sartu zen. Behin barruan, bikotekideari lepotik heldu zion eta alaba bultzatu zuen. Gainera, "guztia suntsitzen" hasi omen zen. Patruila bat etxebizitzara bertaratu zen eta ertzainek gizona atxilotu zuten. Emakumea Gurutzetako Ospitalean artatu zuten.

Ondarroan, gertakaria larunbat goizaldean jazo zen baita ere. Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen,bikotekide ohiari erasotzea eta herio-mehatxuak behin eta berriz egitea leporatuta; gainera, gizonak emakumearen etxeko atea kolpeka hautsi zuen. Biktima lagun batzuekin taberna batean zegoenean hasi omen zen gizonezkoa hura iraintzen. Geroago, emakumea lagun horiekin etxean zegoela, ustezko egilea etxeko atea hautsiz sartu zen eta bikotekide ohia jo eta mehatxatu zuen. Dirudienez, emakumeari heldu zion eta hura astindu zuen, baina lagunak bertan zeudenez, ezin izan zuen erasoa amaitu eta ihesari ekin zion. Biktima osasun zentro batean artatu zuten. Ondoren, ustezko egilea atxilotu egin zuten.

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko telefonoa: 900 840 111 - 016.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea