Gizartea -
Jazoerak
Portugaleteko eta Tuterako bi eraikin hustu dituzte suteengatik
Inor ez da larri zauritu, baina Bizkaiko herrian piztutako sutearen ondorioz, kea arnastu duten bi pertsonetako bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute.
Erredakzioa
Portugaleteko (Bizkaia) eta Tuterako (Nafarroa) bi eraikinetako auzokideak aterarazi dituzte jada itzali dituzten bi sute direla eta.
Tuterako Maria Azlor kaleko etxebizitza batean piztu da goizaldean lehen sutea, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Aipatu kaleko laugarren solairuko pisu batetik kea ateratzen zela ohartarazi dute auzokideek 04:33ean. Suhiltzaileak bertaratu direnean, etxeko atea itxita zegoen eta auzokidea lo zegoen. Etxebizitzara sartzea lortu dutenean, egongelan piztu den sutea itzali dute eta, badaezpada, eraikineko laugarren eta bosgarren solairuko auzokideak aterarazi dituzte zenbait orduz.
Bigarren suteari dagokionez, 08:30ean piztu da Portugaleteko etxe bateko sukaldean eta suhiltzaileek ordu erdi inguru behar izan dute hori itzaltzeko, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Sutearen ondorioz, bi pertsonek kea arnastu dute eta horietako bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Horrez gain, Sancho Archiniega kaleko 8. zenbakiko auzokideak aterarazi dituzte.