Gizartea -
Immigrazioa
Open Armseko tripulatzaileei 4 eta 7 urte arteko zigorrak ezar diezazkiekete Italian
Marinelen aurkako akusazioak aitzakia baino ez dira, “erakunde humanitarioei” Mediterraneo itsasoan esku hartzeko “oztopoa” jartzeko helburuarekin, Open Armsek salatu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Oscar Camps Pro Activa Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen sortzaile eta zuzendariak gaur ziurtatu duenez, Italian auzipetu dituzten etorkinen erreskaterako ontziaren hiru tripulatzaileei “4 eta 7 urte arteko kartzela-zigorrak ezar diezazkiekete”. Horregatik, orain lehentasuna “atxilotuak ez izateko borroka egitea da”.
Open Armsen ontzia atxikitzeko eta, “legez kanpoko migrazioa sustatzea” egotzita, ikerketa bat abiatzeko agindua eman zuen Cataniako Fiskaltzak igandean.
Marinelen aurkako akusazioak aitzakia baino ez dira, “erakunde humanitarioei” Mediterraneo itsasoan esku hartzeko “oztopoa” jartzeko helburuarekin, Campsek salatu duenez.
Campsek prentsaurrekoan azaldu duenez, porturatzeko Espainiako Gobernuari laguntza eskatu behar izan dio aurrenekoz gobernuz kanpoko erakundeak.
Konkretuki, Espainiak Sizilian duen kontsularekin harremanetan jarri zen gobernuz kanpoko erakundea, fundatzaileak zehaztu duenez. Ontzia Pozzallon porturatu ahal izateko, Madrilek Italiako Exekutiboarekin negoziatu zuen, erantsi duenez.
Campsen hitzetan, “arrazoia gutxienekoa da”; izan ere, “desobedientzia edo edozein gauza leporatu” ahal izan diete, erakundeak Mediterraneotik kanporatzeko helburuarekin.
“Arrazoia gutxienekoa da, baina esandako guztia frogatzen lanak izango ditu Italiako Fiskaltzak; fiskalaren erabaki bat baino askoz haratago doa hau, honen atzean Europar Batasuna dago”, ziurtatu du Campsek.
“Biktimak izatetik, akusatu izatera”
“Eraso baten biktimak izatetik Cataniako fiskala akusatzera pasa gara, eta epaile batek akusazioei sinesgarritasuna emateko zain gaude”, nabarmendu du Campsek. Hala ere, auzia “behar bezain urrun” eramateko prest daudela ohartarazi du zuzendariak.
Open Armseko sortzailearen ahotan, gobernuz kanpoko erakundearen ontzia atxikita mantentzeko kautelazko neurria “ziur asko behin betikoa izango da; izan ere, beste erakunde batek egoera berdinari aurre egin behar izan zion iragan udan, eta haren ontzia oraindik atxikita dago Italiako portu batean”.