Gizartea -
Droga trafikoa
Espainiako Poliziak kokaina laborategia atzeman du Burlatan
Lau lagun atxilotu eta purutasun handiko bi kilo kokaina aurkitu dituzte. Droga saltzeko erabiltzen zuten Errotxapeako (Iruña) etxebizitza bat ere miatu dute.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak lau lagun atxilotu ditu gaur Burlatan kokaina laborategi batekin lotura dutelakoan. Gainera, purutasun handiko bi kilo kokaina atzeman dituzte.
Poliziaren arabera, atxilotuetako bik purutasun handiko kokaina erosten zuten, disolbatu eta osagai batzuekin aldatuta, saltzeko. Gainera, medikuntzan erabiltzen den produktu batekin nahasten zuten. Produktu horrek esnifatutako kokainaren antzeko eragina omen du, beraz, kokaina puruaren prezioan saltzen zuten.
Atxilotuetako beste bati aurreko biei droga saltzea eta Errotxapeako (Iruña) etxebizitza batean drogazaleei ere saltzea leporatzen diote. Etxe horretan 60 gramo kokaina, balantzak, marihuana eta 1.500 euro aurkitu dituzte.
Atxilotuetako hiru kolonbiarrak dira jaiotzez eta bestea iruindarra.
Epailearen esku utzi ostean, kolonbiarrak kartzelan sartu zituzten baldintzarik gabe eta iruindarra aske geratu zen, baina karguekin.