Gizartea -
21.000 hektarea
Jaizkibeleko eta Uliako itsasaldeak natura-erretserba izatea dute xede
Gipuzkoako bi mendien itsas zonaldeak 273 kilometro koadroko eta 35 kilometroko itsas korridore baten parte izatea proposatu diote ekologistek eta biologoek Eusko Jaurlaritzari.
Erredakzioa
Itsas-erretserba bat Jaizkibelen magalean, Pirinioetan? Oraindik proposamen bat besterik ez da, baina Oceana nazioarteko Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren (COBE) erronka ere bada. Ekologistek eta biologoek hori proposatu zioten maiatzean Eusko Jaurlaritzari.
Pirinioetako mendebaldean eta Bizkaiko Golkoaren aurrez aurre dago Jaizkibel, eta Pasai Donibane, Lezo eta Hondarribia udalerri gipuzkoarren muga da. 543 metro neurtzen ditu eta Atlantikoaren olatuak bere amildegi malkartsuen aurka jotzen dute.
Jaizkibeleko zein gertuko Uliako itsasaldeak ez dira oraindik natura-erretserba. Natura 2000 programa europarrak, aldiz, Jaizkibelen barrualdea babesten du. Eusko Jaurlaritzak, hortaz, itsasaldearekin gauza bera egiten duen oraindik aztergai du. Handik ez oso urrun dauden Deba eta Zumaia arteko Flischa "babestutako biotopo" izendatu berri dituzte.
Pasaiako portuaren lanak, oztopo
Hendaia eta Biarritz artean Zaintza Bereziko izendapena duten hainbat txoko daude, hain zuzen, barrualdea, ibaiak eta Atlantikoaren urak bustitzen dituzten 21.000 hektarea gutxi gorabehera: Txingudiko badia, kantaurialdea, Nivelle ibaia, Biarritzeko arrezifeak, Bidasoako estuarioa, Donibane Lohizuneko itsasertzea eta amildegiak, besteak beste.
Jaizkibeleko eta Uliako itsas zonaldeak dira GKEren eta COBEren proposamenaren protagonistak. 27.000 hektarea horiek hamaika zonaldeko talde bateko parte izatea eskatu dute, eta horrela, 273 kilometro koadroko eta 35 kilometroko itsas korridorea osatuko litzateke.
Biak ala biak natura-erretserba izendatzeko oztopo bakarra Pasaiako kanpo kaiaren proiektua da. Ingurugiroaren defentsan jarduten duten zenbait erakundek -tartean, Mare Urdina, Euskadiko Surfrider Foundation Europe eta Oceana- egitasmo hori zalantzan jarri dute. Oceanak "Natura 2000 plan europarrak aintzat hartzen dituen Jaizkibeleko amildegien babes markoa urratzea" salatu du.
Zer da itsas-erretserba bat?
Itsasoko ekosistemen hauskortasuna babesteko asmoz nazioarteak emandako erantzuna da. Itsasoko baliabideak agortu ditzaketen mehatxuei aurre egiteko neurria ere bada. Esate baterako, Frantziako barrualdeko % 10 babestutako parke nazionalak dira, eta itsas inguruen % 1ak baino ez du izendapen hori.
Lege bereziek eta zorrotzek arautzen dituzte itsas-erretserbak, adibidez, eremu horietan debekatuta dago meatzaritzako ustiaketarik egitea eta hondakinak deuseztatu behar dira. Dena den, artisau-arrantzan ibiltzea zein surfa egitea baimenduta dago natura-erretserba horietan. Greenpeace elkarte ekologistaren hitzetan, itsas-erretserba "itsasoen eta ozeanoen babes maila gorena da".
Oceana elkartearen ikerketa lana
Eta zer babestuko dugu itsasalde horretan? Oceanak itsas eremu horretako fauna eta landaredia ikertu ditu. Hainbatetan itsasoan murgilaldiak egin dituztenez, koralak, belakiak, anemonak, itsas trikuak eta alga espezie arraroak ikusteko parada izan dute. GKEk Jaizkibeleko eta Uliako itsasaldeak natura-erretserba izendatzeko proposamenaren ildo nagusiak azaltzeko hitzaldia antolatuko du aurki.