Gizartea -
Erasoa Basaurin
Emakume batek semea atxilotzeko eskatu du, ustez jipoitu egin duelako
39 urteko gizon bat atxilotu dute, ama kolpatu eta mehatxatzea leporatuta. Biktima Basauriko anbulatorioan artatu dute.
Erredakzioa
39 urteko gizon bat atxilotu dute gaur Basaurin, amak berak udaltzainei atxilotzeko eskatu ostean. Ibilgailu batean zihoazela, semeak ama mehatxatu eta kolpatu egin du, ustez.
Gizona atxilotua eta gero, emakumea Basauriko anbulatoriora eraman dute bertan arta zezaten, ustez semeak emandako kolpeak direla eta.
Emakumeak berak eskatu du semea atxilotzea; izan ere, urruntzeko agindua zeukan, urritik, eta amarengandik 300 metrotara egon behar zen gutxienez, Basauriko Udalak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.
Gertakizuna eguerdian jazo da Basaurin, ama eta semea ibilgailu berean zihoazela.
Emakumea ibilgailutik atera eta Udaltzaingoaren patruila batengana hurbildu da semea atxilotu zezatela eskatzeko.
Udaltzainek egiaztatu dutenez, L. E. ustezko erasotzaileak amarengandik urruntzeko agindua zuen, eta ondorioz, urruntzeko agindua urratzea, eta lesio eta mehatxu delitua egitea leporatuta atxilotu dute.