Gizartea -

Sute larria Santurtzin

15 eguneko epean jatetxea eraisteko konpromisoa hartu du jabeak

Bien bitartean, sutean zauritutako bi gazteak larri daude oraindik. Haietako baten bizia arriskuan dago. Sutean bi pertsona hil ziren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santurtziko udaletxean bilera egin dute goizean Udaleko ordezkariek eta Lucas jatetxeko jabeak. Bertan eraikina 15 eguneko epean eraisteko konpromisoa hartu du lokaleko jabeak.

"Gertatutako tragediaren ostean, bizilagunen segurtasuna bermatzea izan dugu helburu. Horregatik, suteak kaltetutako eraikinaren espaloian hesiak jarri genituen atzo, oinezkoentzako edozein arrisku saihesteko", Jose Luis Landaburu Hirigintza sailburuak jakitera eman duenez.

Atzo Santurtziko jatetxe abandonatu batean zauritu ziren 22 eta 19 urteko gazteak larri daude oraindik Gurutzetako Ospitalean. Sute horretan beste bi pertsona hil ziren.

Larri zauritutako gaztea Erredura Handietako Unitatean daukate, hirugarren mailako erredurak baititu gorputzaren % 10ean. Hain zuzen ere, aurpegian, eskuetan eta besoetan ditu zauriak. Halaber, kea arnastu du eta, beraz, makina batera konektatu dute. Haren bizia arriskuan dago.

Beste zaurituak ere kea arnastu du, eta makina batera konektatu ez ezik, intubatu ere egin behar izan dute. Zainketa berezien unitatean daukate.

Ikerketa

Ertzaintzak ikerketa abiatu du sutea zerk eragin zuen argitzeko. Sugarrak "Lucas" jatetxe ohiaren lehen solairuan piztu, eta azkar hedatu ziren.

Santurtziko Udalak berretsi du jatetxearen jabeak jakin bazekiela eraikina egoera txarrean zegoela, eta aldez aurretik esku-hartu behar zukeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea