Gizartea -

PRODUKTU BERRITZAILEA

Euskal gaztandegiak Gaxure krema berritzailea ekoizten hasi dira gazura baliatuz

Gazuraren propietateez eta horren alferrikako galeraz jabetuta eta horri etekina ateratzeko ikerketa ugari bultzatu ondoren sortu dute testura krematsua duen gazur krema leun eta goxoa.

Gaxure produktu berritzailearen aurkespena. Argazkia: Gaxure.
Gaxure produktu berritzailearen aurkespena. Argazkia: Gaxure.
Gaxure produktu berritzailearen aurkespena. Argazkia: Gaxure.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat euskal gaztandegi Gaxure ekoizten hasi dira, ardi-gaztaren gazuraren propietateez eta horren alferrikako galeraz jabetu ondoren. Urte batzuk ikertzen eman ondoren, Leartiker Zentroko ikertzaileek Gaxure ekoitzi dute, orain arte merkatuan ez zegoen elikagai bat.

Gaxure ardi latxaren esnearen gazurak dituen propietateez jabetu eta, aldi berean, etengabe nola alferrik galtzen den ikusi ondoren sortu dute. Orain, produktu berri honek ardi latxaren  esnearen ustiapen zikloa biribilduko du; izan ere, gaztaren ekoizpenak gazur hondakin ugari eragiten ditu. Hondakin hori guztia orain arte ez da balio erantsia duen produktu bat sortzeko lehengai moduan erabili. Hemendik aurrera, baina, ekoizleek soberan duten gazura baliatu eta etekina aterako diote. Horrela, 10 litro gazur bakoitzeko 1,5 kilo Gaxure lortzen dituzte.

Leartiker Zentroak, Lea Artibai eskualdeko Landa Garapenerako Elkartea eta bertako ekoizleak lagun zituela, dastatze eta sukaldaritza tailer batean aurkeztu du produktu berri hau, Paul Ibarra bilbotar sukaldariarekin batera. Aurkezpen horretan, sukaldari-buruak errezeta ugari egin ditu, eta krema hori erabili du guztietan, horien zaporea indartu eta testura krematsua emateko. Horrez gain, garaikoa, naturala eta sukaldaritza munduan erabilera asko dituen produktua da.

Gaztandegi ugari hasi dira gazura eraldatzen, eta testura krematsua, leuna eta goxoa lortzen dute gazur krema egosi eta karamelizatuz, artisau-lana eginez.

Erabateko ustiapena

Gaxure ekoizteko prozesua ekonomia zirkular baten ereduan sartu behar da, gaztandegietan sortzen den azpiproduktu hori balio erantsia duen produktu bihurtzen baita, oso-osorik. Horrela, dena aprobetxatzen da, Gaxure ekoizteko prozesuak ez baitu beste azpiprodukturik sortzen.

Naia Andonegi Leartiker Zentroko Elikagaien Teknologia saileko zuzendariaren arabera, “ekoizpen prozesua gaztandegien egunerokotasunarekin bateragarria da. Gainera, gaztandegi artisauek inbertsio handirik egin gabe beraien negozioa dibertsifikatu ahal izateko aukera bat da. Aldi berean, esnearen gazurak eragiten duen buruhaustea konpondu eta gourmet sailkapena jasotzen duen produktua lortzen dute”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia azken ordukoa Gaurko azken orduko albistea Elikagaiak gaur albisteak Lea-Artibai