Gizartea -

Txinako bonuak

Lau pertsona atxilotu dituzte Gipuzkoan, iruzurra eta dirua zuritzea egotzita

90 kaltedunei hiru eta lau milioi euro arteko iruzurra egin diete atxilotuek, 2003tik 2013ra bitartean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu Gipuzkoan, iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta. Gainera, 90 kaltedun identifikatu ditu inguruko lurraldeetan eta Bizkaian.

Barne Ministerioak gaur jakitera eman duenez, biktimei hiru eta lau milioi euro arteko iruzurra egin diete atxilotuek, 2003tik 2013ra bitartean.

Txinako bonuen salmentaren bidez egiten zuten iruzurra ('The Chinese Goverment Five per cent Reorganisation Gold Loan of 1913'). Txinako Gobernuak ez ditu bonu horiek aitortzen.

Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Aduanako Zaintza Zuzendaritzak, Kapitalen Zuritze eta Moneta Delituak Prebenitzeko Batzordeak eta Gipuzkoako Ogasunak bildutako informazioa aztertu ondoren, talde kriminalaren 'modus operandi'a antzeman zuen Poliziak.

 

Kaltedunak ez ziren sekula bonuak ikustera heltzen

 

Hurbilekoen artean erosleak erakartzen zituzten zenbait pertsonak, konfiantzako harremana aprobetxatuz. 6.500 eta 90.000 euro arteko ekarpenak egitea lortzen zuten, bonuak eskuratuta berehala errentagarritasun handia izan behar zutela aginduz.

Biktimak ez ziren sekula bonuak ikustera heltzen, ezta Ameriketako Estatu Batuetako ustezko kudeatzailearen izena ezagutu ere; eta kaltedunek azalpenak eskatzen zituztenean, aitzakia ezberdinekin erantzuten zuten, iruzurra luzatzeko helburuarekin.

Talde kriminala ikertu nagusiak eta haren emazte ohiak osatzen zuten. Inguruko bezeroei bonuak saldu zizkieten, bezero-zorroa zuzenean kudeatuz, ala beste bi atxilotuen bidez. Hala ere, beste bi atxilotuek bezero propioak zituzten. Piramide egitura bat zuten.

Gipuzkoan eta Bizkaian 90 kaltedun identifikatu dituzte (besteak beste, Soraluze, Eibar, Elgoibar, Ermua eta Durangon).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Ermua Eibar Elgoibar Delituak bideoak Iruzurrak bideoak Gizartea Durango argazkiak Gaurko azken orduko albistea Soraluze