Gizartea -
Elkarlana
Athletic, haurrentzako terapia Gurutzetako Ospitalean
Futbol taldeak ospitaleko hormak marraztu ditu, umeen tratamendu medikoak atseginagoak izan daitezen.
EITB.EUS
Athletic Club Fundazioak elkarlanean jarraitzen du Osakidetzarekin, oraingoan 2016an abiatutako proiektuarekin, eta, horrela, Gurutzetako Ospitalean umeei ematen zaien tratamenduak atseginagoak bihurtu nahi ditu.
Tratamendu medikoak ahalik eta atseginagoak izatea nahi du Gurutzetako Ospitaleak; zentro osoan oro har, baina pediatria arloan bereziki. Zeregin horretarako, hainbat mural marraztu dituzte ospitalean, Athleticeko koloreekin, eta taldearen hainbat jokalari irudikatuta.
Era berean, tratamendu baten ostean, diplomak eta pegatinak emango dizkiete adingabeei, egunez egun jarrera positiboa izan dezaten.
Lehenengo fasean, larrialdietako eta zainketak egiteko geletan marraztu zituzten muralak. Bigarrenean, aldiz, itxaron gela orokorrean, X izpien itxaron gelan eta X izpien gelan, besteak beste.
Ospitaleko margolanek urduritasuna murrizten dutela pentsatzen du Santi Mintegik, Larrialdietako buruzagiak. Izan ere, umeak, eta batez ere, gurasoak, lasaiago daude. Gainera, Maria Jesus Yague Larrialdi Pediatriakoen ikuskatzaileak azaldu du haurrak ilusio beterik daudela haien idoloak horman marraztuta ikustean.
Javier Benitok, Larrialdi Pediatriako zerbitzuen gerenteak, "positibo"tzat jo du Athleticek bultzatutako ekimena, konpromisoa baitu gizartearekin, eta haurrek futbol taldea ospitalean ikustean, tratamenduak atseginagoak bihurtzen baitira.