Gizartea -
Suteak
Sei edukiontzi kiskali dira Bilbon, Zumaian eta Zumarragan
Gainera, suak kalteak sortu ditu bost ibilgailutan, Bizkaiko hiriburuan, eta auto bat kiskali du Zumaian.
Agentziak | Erredakzioa
Guztira, sei edukiontzik su hartu dute goizaldean, Bilbon, Zumaian eta Zumarragan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Suak kalteak sortu ditu bost ibilgailutan, Bizkaiko hiriburuan, eta auto bat kiskali du Gipuzkoako kostaldeko herrian.
Bilboko Muros de San Pedro kalean zenbait edukiontzi kiskaltzen ari zirenaren abisua 03:15 aldera jaso du Ertzaintzak.
Bilboko Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira. Suak hiru edukiontzi kiskali ditu. Sutea 04:00ak aldera itzali dute suhiltzaileek.
Gainera, inguruan aparkaturik zeuden bost ibilgailuri kalteak egin dizkie suak. Era berean, bi etxebizitzatako eta denda bateko fatxadetan kalteak utzi ditu, iturriek azaldu dutenez.
Zumaian (Gipuzkoa), bi edukiontzik su hartu dute 05:55 aldera Txomin Agirre kalean. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta 06:50 aldera sua itzaltzea lortu dute.
Edukiontzien alboan aparkaturik zegoen Fiat Punto auto bat kiskali dute sugarrek. Bestalde, eraikin bateko lehen solairuko kristalei eragin die suteak, iturriek azaldu dutenez.
Azkenik, Zumarragan (Gipuzkoa), plastikoa birziklatzeko edukiontzi batek su hartu du 06:10 aldera, Izazpi aldean. Sugarrek ez dute kalte gehiagorik utzi.