Gizartea -
Ostiralaz geroztik
Desagertutako gizonaren gorpua aurkitu dute Zornotzan
Gorpua Leginetxe auzoaren eta Belatxikieta mendiaren artean dagoen baso batean agertu da. Ertzaintza bertaratu da, lagun batek abisua eman eta gero.
Erredakzioa
73 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute gaur Zornotzan (Bizkaia), baserrialde batean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Adinekoa iragan ostiralean desagertu zen.
Gorpua Zornotzako Leginetxe auzoaren eta Belatxikieta mendiaren artean dagoen baso batean agertu da. Ertzaintza bertaratu da, lagun batek SOS Deiak larrialdi zerbitzuari abisua eman eta gero.
Gorpua identifikatzeko lanak egin dituenean, iragan ostiral gauean desagertutako gizonezkoaren gorpua zela baieztatu du Ertzaintzak.
Antza denez, hildakoak basotik paseatzen zuen Zornotzako Bernagoitia auzoko zahar-etxetik gertu, baina ez zen bueltatu. Horregatik, bilaketa dispositibo bat martxan jarri zuten ostiral gauean, eta larunbatean bilatzen jarraitu zuten.
Bilaketan, basoak, hiriguneak eta ibaiertzak arakatu zituzten, Zornotza eta Iurreta artean.
Ondorengo egunetan bilatzen jarraitu dute patruilek, desagertutako lagunaren argazki bat erabiliz. Era berean, gizona non zegoen argitzeko ikerketa jarri zuten abian. Gorpua Bilboko Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute, bertan autopsia egin diezaioten.