Gizartea -
Nagore Laffage auzia
Auzitegi Gorena ateak itxita berrikusten ari da 'Laffage' auziko epaia
Zigorra aldatzen badute, Jose Diego Yllanesek 20 urteko kartzela zigorra izan dezake hilketa delitu batengatik. Erabakia behin betikoa izango da eta Goreneko bost epailek hartuko dute.
Erredakzioa
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJN) martxoan Jose Diego Yllanesi jarritako 12 urte eta sei hilabeteko zigorra ateak itxita berrikusten ari da Auzitegi Gorena. Yllanes psikiatra Nagore Laffageren hilketaren errudun jo zuen herri epaimahaiak.
Momentu hartan, TSJNk faktore aringarri bi antzeman zituen: egindako kaltearen ordainketa (Yllanesek 126.853 euro ordaindu zizkion Laffage sendiari), eta mozkor arina. Yllanesen defentsak argudiatutako zoroaldia eta delitua onartu izana ez zituzten kontuan hartu.
Akusazioek (Nagoren sendiarena eta lau herri-akusazio) egindako eskaerak alde batera utzi zituen Nafarroako Auzitegiak eta gertatutakoa hilketa bezala izendatzeari uko egin zion. Erabakiak Jose Antonio Alvarez epailearen kontrako botoa izan zuen. Epaile horren ustez, herri epaimahaiak azpikeria kontuan hartu behar izan zuen eta gertatutakoa ''hilketa'' izendatu.
Gertakaria
Nagore Laffage, jatorriz irundarra, 2008ko uztailaren 7an hil zuten Iruñeko etxebizitza batean eta hiltzaileak gorpua Orondritzera (Erroibar) eraman zuen bertan ezkutatzeko. Poliziak egun berean aurkitu zuen Nagoreren gorpua.
Ikerketaren arabera, ustezko hiltzaileak Iturrama auzoko etxe batean ito egin zuen Laffage. Ondoren, gorpua Oianburun lurperatu zuen. Herriko bizilagun batek bide baten bazterrean aurkitu zuen gorpua, Urrotz-Erro errepidetik 200 bat metrora.
Ordu batzuk geroago, Foruzaingoak 27 urteko Jose Diego Yllanes iruindarra atxilotu zuen, gaztea hiltzea leporatuta. Mediku egoiliarra zen Nafarroako hiriburuko zentro psikiatriko batean.
Jose Diego Yllanes 27 urteko iruindarrak Nagore Laffage gaztea berak hil zuela berehala onartu zuen eta Aoizko epaileak atxilotua bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen jarraian.
Bai poliziaren aurrean, baita epailearen aurrean ere, hilketaren egilea bera zela aitortu zuen.