Gizartea -
Ibaiak, hazita
Normaltasuna Iruñean, Arga ibaiaren maila jaitsi ostean
Funesen alerta mailari eutsi diote, ibaiak lau metroak gainditu baititu.
Agentziak | Erredakzioa
Asteburuan ezarritako alerta bertan behera geratu da gaur Iruñean, Arga ibaiaren maila dezente jaitsi baita, eta astelehen honetan normaltasuna da nagusi.
Iruñeko Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, ibaiaren inguruko bide guztiak zabalik daude, eta ez dago kalterik.
Asteburuan Nafarroan botatako euriak trafiko istripu ugari eragin ditu. 30 bat izan da, eta gehienek kalte materialak edo zauritu arinak utzi dituzte.
Iparraldeko ibaien emaria alerta mailatik behera jaitsi den arren, hegoaldekoak kezka iturri dira oraindik. Izan ere, Funesen alerta ezarri dute Arga hazita baitago. 4,21 metrotan dago, eta segundoko 399,10 metro kubikoko emaria du.
Aragoi ibaia, berriz, aurre-alerta egoeran dago Caparroson (3,70 metro eta segundoko 597,85 metro kubiko) eta Zangozan (1,82 metro eta segundoko 315,79 metro kubiko).
Egoera bertsuan daude Castejonen. Ebro ibaiak 6,09 metroko maila harrapatu du eta segundoko 1.406 metro kubikoko emariarekin.