Gizartea -
BRETAINIA
Istiluak Bretainian, Polizia ekintzaileen kanpamentu bat hustera sartu denean
2.500 jendarme sartu dira ekintzaile ekologista talde batek aspaldidanik Notre-Dame-des-Landesen okupatutako gunean. Aireportu handi bat eraikitzeko proiektuaren aurka sortu zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekintzaile ekologistek aspaldidanik Bretainian okupatutako gune batean sartu da Frantziako Polizia, eta istiluak izan dira poliziaren eta bertan zeuden pertsonen artean. Inguru horretan aireportu handi bat eraikitzeko asmoa zegoen. Iturri ofizialen arabera, agente batek zauria egin du begian.
2.500 jendarme sartu dira ekintzaile ekologista talde batek aspaldidanik Notre-Dame-des-Landesen okupatutako gunean. Aireportu handi bat eraikitzeko proiektuaren aurka sortu zen.
Emmanuel Macron presidentearen Gobernuak azpiegitura horri uko egiten ziola iragarri zuen urtarrilean. Dena dela, ekintzaileek tokian bertan gelditzea erabaki zuten lursail horiek (dagoeneko desjabetuta zeudenak) helburu ekologikoetara bideratzen zirela bermatzeko.
Frantziako Gobernuak, ostera, ingurua hustu eta lurrak beren jatorrizko jabeei itzultzeko asmoa adierazi zuen.
Poliziaren oldarraldiaren aurrean, etxean egindako jaurtigaiekin erantzun dute ekintzaileek. Antza denez, jaurtigai horietako batek jendarme bat begian jo du eta Nanteseko ospitale batera eraman dute, zaurituta.
Jendarmeak basoan barrena sartu eta ekintzaileek beren etxolak eta kanpadendak zituzten tokira iritsi dira. Halaber, dagoeneko hasi dira makinak horiek botatzen.
Aireportuaren proiektua bertan behera uzteko erabakia Macronek ekologistei egindako lagapen gisa ulertu zen eta oposizioak gogor kritikatu zuen, bereziki Nantes eskualdean. Egungo Gobernuak proiektua zaharkitua dagoela iritzi dio. Hollanderen Gobernuak gaiari buruzko erreferendum bat egin zuen 2016an Nantes eskualdean, eta herritarren % 55 horren alde agertu ziren.