Gizartea -
Gerra Zibila
Fusilatutako senar-emazte batzuen gorpuzkiak eman dizkiete senideei
Florentino Garcia Valenciaren eta Monica Barronen gorpuzkiak hiru senideri entregatu dizkie Idoia Mendia Justizia sailburuak. Senar-emazteak errekete talde batek hil zituen 1936an.
Erredakzioa
Florentino Garcia Valenciaren eta Monica Barronen gorpuzkiak hiru senideri entregatu dizkie gaur Idoia Mendia Justizia sailburuak. Senar-emazteak errekete talde batek hil zituen 1936an.
Gorpuzkiak Gerra Zibileko hobi komun txiki batean aurkitu zituzten, A-2622 errepideko arekan, Pobes eta Espejo (Araba) artean, Tejerako mendate parean (Erriberagoitia).
Udalerriko bizilagunen arabera, 47 urteko Garcia, nekazaria ogibidez, eta 46 urteko Barron, haren emaztea, 1936an hil zituen errekete talde batek. Erreketeek fusilatu eta hobiratu zituzten, gorpuak topatu dituzten toki berdinean.
Gorpuak hobitik ateratzeko lanak 2010eko ekainaren 19 eta 20an egin zituzten. Hobian bi gizonezkoren eta emakume baten gorpuzkiak agertu ziren. Senideek Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzan eskakizuna aurkeztu zuten eta Exekutiboak lanen berri eman zien.
2003az geroztik, Gerra Zibilean eta frankismoan desagertutako pertsonen inguruko ikerketa bat du zabalik Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Bertan Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetza du Sailak.
Aurkikuntza berria Andian
Bestalde, zortzi pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte Andiako mendilerroan, Nafarroan. Espeleologo talde batek aurkitu zituen gorpuzkinak azaroaren 14an, kobazulo batean. Sei gizonezko eta bi emakumezkoen gorpuzkiak dira eta lehen proben arabera gutxienez 30 urte dituzte.