Gizartea -
Epaiketa
Leyre Rodriguezen neba, akusatuari buruz: 'Senar, aita eta bikotekide txarra zen'
Leyreren nebak eta lagunek deklaratu dute gaurko saioan, lekuko gisa. Akusatua biktimaren lepotik bizi izan zela eta emaztea banatu izana onartu ez zuela esan dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Leyre Rodriguezen hilketa argitzeko epaiketaren bigarren saioa egin dute gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Jorge Mateos Prado senar ohia da ustezko hiltzailea. Fiskaltzak, akusazio partikularrak, herri akusazioak eta Estatuko Abokatuak uste dute emazte ohia hainbat aldiz kolpatu zuela, konortea galdu zuen arte, eta ondoren autoarekin harrapatu zuela, istripu bat izan zela antzezteko.
Leyreren nebak azaldu duenez, bi eta sei urteko seme-alabei ama hil zela kontatu zienean, "ez zuen malko puta bat bera ere isuri".
"Alperra zen eta nire arrebaz aprobetxatzen zen; nire arrebak egiten zuen guztia etxean, nire arreba arduratzen zen umeez eta gainerako guztiaz. Bera senar, aita eta bikotekide txarra zen. Ez zuen dibortzioa onartu, beretzat erosotasuna galtzea eta lan egiten hastea suposatzen zuelako horrek. Egun guztia ordenagailuarekin gela batean itxita igarotzen zuen", kontatu du.
Leyreren hilketa 2015eko abuztuaren 7an gertatu zen. Akusatuak berak deitu zion biktimaren nebari, Leyre auto batek harrapatuta hil egin zela esateko. "Inolako zalantzarik gabe, lasaitasunez eta hotz esan zidan hori", azpimarratu du.
Jorge Mateosek testigantza horri heldu zion lehendabiziko egunetan. Baina 2015eko abuztuaren 18an bere buruaz beste egiten saiatu zen eta ordutik aurrera hiltzailea bera izan zitekeela susmatzen hasi ziren ikertzaileak.
"Barkamena eskatzeko gai ere ez da izan. Inoiz ez zen bere seme-alabez kezkatu eta orain nire seme-alabak dira, ezinezkoa da bera haien kargu egitea. Ez zuen inolako arazorik jarri umeen zaintza niri emateko", gaineratu du.
Gaurko saioan Leyreren lagunek ere deklaratu dute. Leyreren heriotzaren erantzulea senar ohia izan zitekeela hasieratik pentsatu zutela adierazi dute.
"Banandu zirenean, Leyrek beste harreman bat hastea zen bere kezka eta sare sozialetan zelatatzen zuen" eta "sakelako telefonoa busti zion, erabilezin bihurtzeko", azaldu dute.
Lekukoen hitzetan, dibortziatu ostean Leyreren bizitzak "hobera egin zuen", ezkonduta egon zen bitartean "sozialki isolatuta" bizi baitzen. Akusatuaren egoerak, berriz, okerrera egin zuela esan dute, lanean hasi behar izan zuelako.
Akusatua "Leyreren lepotik bizi" izan zela, "gezurtia eta fantasiosoa" zela eta ez zela fidatzekoa azpimarratu dute.