Gizartea -
17 helburu
Euskadi, 2030 Agendaren pausoak zehaztu dituen lehen erkidegoa
Iñigo Urkullu lehendakariak 'Euskadi Basque Country 2030 Agenda' aurkeztu du Goiuriko jauregian, Gasteizen.
Agentziak | Erredakzioa
Pobreziarekin bukatzeko, berdintasun eza murrizteko eta inor atzean utzi gabe klima aldaketaren aurka borroka egiteko, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bultzatutako 2030 Agenda betetzeko estrategia zehaztu du Euskadik dagoeneko. Horrela, Espainiako Estatuko lehen erkidegoa izan da lan hori definitzen.
Iñigo Urkullu lehendakariak 'Euskadi Basque Country 2030 Agenda' aurkeztu du gaur Goiuriko jauregian, Gasteizen. NBEk 17 helburu markatu ditu, 2015etik 2030era bitartean betetzeko.
NBEren helburuak Eusko Jaurlaritzak gobernu programan hartutako 93 konpromisorekin lotzen ditu lehendakariak gaur aurkeztu duen agiriak (2016-2020). Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak urtero azterketa bat egingo du, jarraipen txosten bat osatzeko.
Urkulluren ahotan, 2030 Agenda garatzeko orduan eskualdeek joka dezaketen paperari garrantzi handia eman diote NBEk eta Europako Batzordeak, kasu askotan erkidegoek “eskumenak eta gizarteko beharrizanen ezagutza espezifikoa dituztelako”.
Gemma Aguado Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programako (PNUD) ordezkariak ekitaldian parte hartu du. Gobernantza kontzeptuaren garrantzia azpimarratu du Aguadok, baita herritarretik gertuen dauden administrazioen inplikazioa ere.
Bestalde, Idoia Fernandez EHUko Berrikuntza, Konpromiso Sozial eta Kultur Ekintza errektore-ordeak, Elsa Fuente UNICEFen Euskadiko koordinatzaileak, Iñaki Garciñuno Cebek patronaleko presidenteak eta Pablo Gonzalez Sareen Sareko presidenteak mahai-inguru batean parte hartu dute.
NBEk markatutako xedeak lurralde bakoitzeko errealitateari egokitzeko beharraz eztabaidatu dute guztiek. Lan horretan gizarte osoak lagundu behar duela uste dute.