Gizartea -
Hiru auto-istriputan
Lau hildako, larunbat beltza euskal errepideetan
Bi gazte hil dira Galdakaon bi autok talka eginda. Derion, bi autok elkarren kontra jo dute eta ondorioz gizonezko bat hil da eta Nafarroan pertsona bat hil da auto bat errepidetik irtenda.
Erredakzioa
17 eta 19 urteko gizonezko bi hil dira eta 36 urteko emakume bat zauritu da bi autok talka eginda N634n, Galdakaon, 06:00ak aldera.
Talkak bidaiarietako bat autotik bota du. Beste pertsona autotik atera ezinik geratu da eta suhiltzaileek atera behar izan dute. Biak ala biak hil egin dira.
Horrez gain, 36 urteko emakume bat zauritu da eta Basurtuko ospitalera eraman dute. Bere zaurien larritasunaren gaineko xehetasunik ez dute eman.
Eguneko hirugarren hildakoa bi ordu beranduago izan da, 08:42etan,Arruazun, Nafarroan. A-10 autobideko 13,5 kilometroan izandako istripuan pertsona bat hil da, kotxea errepidetik aterata.
Laugarren hildakoa, Derion
Gizon bat hil da eta beste bi pertsona larri zaurituta daude bi kotxek euren artean talka egin ostean BI-631 errepidean, Deriotik (Bizkaia) zihoazenean. Istripua 13:30ean izan da.
Istripuaren eraginez, auto bateko gidaria hil da eta beste autoan zihoazen biek zauri larriak izan dituzte, eta handik Basurtuko Ospitalera bidali dituzte.