Gizartea -
Osasuna
Txertatu gabeko 20 hilabeteko ume batek elgorria duela baieztatu dute Bizkaian
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak kutsateko arriskua duten kontaktuak atzemateko protokoloa abiatu du, kasua konfirmatu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaian txertatu gabeko 20 hilabeteko haur batek elgorria duela baieztatu ostean, kutsatzeko arriskua duten kontaktuak atzemateko protokoloa abiatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak
Ohar batean azaldu duenez, orain dela gutxi Nafarroan izandako elgorri-agerraldiarekin zerikusia du kasu horrek. Irungo pertsona bat ere kutsatu zen agerraldi haren ondorioz.
Kutsatze gehiago saihesteko isolamendu neurriak ezarri ditu Osasun sailak. Halaber, protokoloa jarraituz, ikertzen ari dira eta kasuarekin harremana duten pertsonekin "beharrezkoak diren neurriak" hartzeaz gain.
2012tik atzematen den lehen elgorri kasua da Euskadin. Dena den, Jaurlaritzako osasun zerbitzuaren arabera, "gaixotasuna ez dago erauzita" eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak emandako datuak ikusita, Europan elgorri-kasuak ugaritu egin direla ondorioztatu du, 28 herrialdetan 14.000 kasu atzeman baitira.
Txertatzea
Elgorriaren aurkako txertoa umeen txerto-egutegian jasota dago. Txerto Hirukoitz Birikoaren kobertura % 96,05ekoa da lehen dosian eta % 94,7koa bigarren dosian. Osakidetzaren esanetan, portzentaje horiek OMEren gomendioak betetzen dituzte.