Gizartea -

Aztarnategi arkeologikoa

113 labar-grabatu aurkitu dituzte Berriatuko Atxurra haitzuloan

Diego Garate arkeologoak azpimarratu duenez, Atxurra leize-zuloa labar-artearen museoa eta artisten tailerra da aldi berean.

Diego Garate arkeologoa. Argazkia: EFE
Diego Garate arkeologoa. Argazkia: EFE
113 animalia irudi aurkitu dituzte jada Berriatuko Atxurra kobazuloan

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berriatuko (Bizkaia) Atxurra haitzuloa hormatan labar-grabatu gehien dituen Euskadiko aztarnategi arkeologikoa da, oraingoz 113 topatu baitituzte, azken bi urteetan egindako ikerketen arabera. Era berean, grabatuen egileek utzitako tresnak eta materialak aurkitu dituzte. Diego Garate arkeologoak lantaldea zuzendu du.

Leizea interes arkeologikoko tokia zela adierazi zuen Joxe Miguel Barandiaran etnografoak 1935ean dagoeneko. Barandiaranek indusketa txikia egin zuen haitzuloaren sarrera nagusian. 2015eko irailean animalien grabatuak sarrera nagusitik 235 metrora aurkitu zituzten Diego Garate arkeologoak eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak.

Aztarnategian egindako ikerketaren lehen bi urteetan aurkitutakoaren berri eman du gaur Garatek prentsaurrekoan. Arkeologoaren ahotan, Atxurra berezia egiten duena, historiaurreko animalien irudi kopuru handiena izateaz gain, aldi berean labar-artearen museo eta artisten tailerra dela da.

Horrela, grabatuak egiteko erabili zituzten materialak eta tresnak leize-zuloan daude, hala nola, xixel eta silex paletak, Garatek nabarmendu duenez. Era berean, grabatuak egiten zituzten bitartean, argiztatzeko erabili zituzten ikatzaren eta argi-zuzien hondarrak topatu dituzte, baita hareharriz egindako lanpara txiki primitibo bat ere.

Grabatuak egiteko erabili zituzten materialak eta tresnak leize-zuloan daude, hala nola, xixel eta silex paletak

Kobako ikerketa kanpainaren lehen zatia (4 urte) Bizkaiko Foru Aldundia finantzatzen ari da. Haitzuloko sarrera nagusia kostaldetik 3 bat kilometrora dago. 29.000 eta 12.000 urteen artean gizakia bertan bizi izan zela uste dute.

Suaren ikatz, jandako animalien eta bizilagunek erabilitako tresnen hondar eta zantzuak topatu dituzte, Garatek zehaztu duenez.

ATXURRA BERRIATUA EFE

ATXURRA BERRIATUA EFE

Atxurra haitzuloan (Berriatua, Bizkaia) egindako aurkikuntzen aurkezpena. Argazkia: EFE

Haitzuloaren beheko sarrera txikiagoa da, eta ez da batere erraza bertatik sartzea. Bertan duela 20.000 urteko erabileraren frogak aurkitu ditu Garateren lantaldeak, silex eta pintura okreko tresnen hondarrak, alegia. Zertarako erabili zituzten, ostera, oraindik ez dute zehaztu, baina datozen bi urteetan lortzea espero dute, erantsi duenez.

Historiaurreko 113 animalien irudiak haitzuloaren 14 tokitan topatu dituztela azaldu du arkeologoak; sarreratik 235 metrora aurkitu zuten aurrenekoari "bisonteen aretoa" izena jarri diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea albisteak Azken kultur albisteak Gaurko azken ordukoa Zientzia Zientziaren hedapena zuzenean Arkeologia albisteak Lea-Artibai azken ordukoa