Gizartea -
aisia digitala
Euskadiko gazteen erdiek egunero kontsumitzen dute aisia digitala
Youtubeko bideoak ikustea da gazteek gehien egiten dutena beren aisia digitalean.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 49,6k egunero kontsumitzen dute aisia digitala. Aisia digital horren baitan honakoak sartzen dira, hau da: kontsolarekin edo ordenagailu edo mugikorreko jokoekin jolastu, Youtubeko bideoak ikusi, Internetera bideoak igo edota blogetan idazten dute.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak adierazle berria sartu du adierazle estatistikoen sisteman aisia, kultura eta kirola alorrean: aisia digitala.
Definizio horretatik kanpo utzi dituzte aisiako beste jarduera tradizional batzuk, euskarri digitalean edo euskarri digitalik gabe egin daitezkeenak; musika entzun, irakurri edo serieak edo filmak ikusteko zaletasuna, tartean.
Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariaren hitzetan, "garrantzitsua da gazteen joerak eta zaletasunak ezagutzea, politika eraginkorrak programatzeko".
Adierazle hori osatzen duten jardueren artean, arrakastatsuena Youtubeko bideoak ikustea da (gazteen % 43,1ek egunero egiten dute), eta gero kontsolekin edo ordenagailu edo mugikorreko jokoekin jolastea dago gero (% 14,8k aitortu du egunero jokatzen duela horrelako bideo-jokoekin edo mugikorretarako aplikazioekin).
Askoz ere gutxiago dira Internetera egunero bideoak igotzen dituztela diotenak (% 2,2) edo egunero blogetan idazten dutela diotenak (% 1,7).
Kasu guztietan, gizonek aitortzen dute egunero emakumeek baino gehiago kontsumitzen dutela, eta horrek argi erakusten du zergatik den aisia digitala handiagoa gizonezkoen artean, Ander Añibarroren arabera.
Aisiarako modu horien asteko kontsumoa kontuan hartuta, euskal gazteen % 78,3k astero ikusten dituzte Youtubeko bideoak, % 38,5ek kontsolekin edo ordenagailu edo mugikorretako jokoekin jolasten dute, % 6,3k Internetera astero bideoak igotzen ditu eta % 4,9k blogetan gutxienez astean behin idazten dute.
Aisia digitalaren kontsumoa hamar puntu handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta kontsumoa handiagoa da gazteenen taldean (15-19 urte).
Kontsolarekin edo ordenagailu edo mugikorreko jokoekin jokatzen duten gizon eta emakume gazteen arteko desberdintasunak are agerikoagoak dira asteko kontsumo-analisi hau egin ondoren; izan ere, aisialdian kontsolarekin edo ordenagailuko edo mugikorreko jokoekin jokatzen duten gizon gazteek bikoiztu egiten dute emakumeen kopurua (% 50,7k eta % 25,8k, hurrenez hurren).
Datu horiek guztiak 2016ko lehen hiruhilekoan Euskadin bizi diren 1.500 gazteri eginiko inkesta batean oinarritzen dira. Inkestan gai horri eta gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz galdetu zuten.