Gizartea -

Indarkeria matxista

Ehunka lagun bildu dira Gasteizen bi emakumeren hilketa gaitzesteko

Gizonezko batek bikotekide ohia eta haren ama hil ditu, eta ondoren etxebizitzari su eman dio eta leihotik salto egin du.

Bi emakumeren hilketa salatzeko Gasteizen egindako bilkura isila. Argazkia: EiTB
Bi emakumeren hilketa salatzeko Gasteizen egindako bilkura isila. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, ama-alaben hilketa gaitzesteko

2:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun bildu dira arratsalde honetan Gasteizen, bi emakume hil dituztela errefusatzeko elkarretaratzean. Goizean, 46 urteko gizonezko batek bikotekide ohia eta haren ama hil ditu Arabako hiriburuko etxebizitza batean.

'Gasteiz eraso matxisten aurka' goiburupean egin dute bilkura isila, 19:30ean, Plaza Berrian. Herritarren artean, hainbat agintari politiko izan dira bertan, hala nola, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia, Segurtasun eta Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak (Maria Jesus San Jose, Estefania Beltran de Heredia eta Beatriz Artolazabal) eta Gorka Urtaran alkatea.

Halaber, Gasteizko udal-talde guztietako ordezkariak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria han izan dira.

Landaidak premiazkotzat jo du indarkeria matxistarekin amaitzea. "Emakumeen aurkako indarkeria gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunaren adierazpenik bortitzena da. Gertakari honek agerian uzten lanean jarraitu behar dugula guztiok, bakoitzak bere esparruan", erantsi du.

Gertakariak goizean jazo dira. Gizonezkoak bikotekide ohia eta haren ama hil ditu, eta ondoren etxebizitzari sua eman dio eta zortzi pisuko altuera batetik suhiltzaileek jarritako lona baten gainera salto egin du. Une horretan atxilotu egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Erailketak