Gizartea -
Urteurrena
Gernikako bonbardaketaren urteurrena oroitzeko Hiroshimako zuhaitz bat landatuko dute
Hiru egun iraungo dute 81. urteurrenaren ekitaldiek, eta horien artean, bake sariak emango dira eta ibilbidea prestatu da memoriaren leku esanguratsuak ezagutzeko.
agentziak | erredakzioa
Gernikak bonbardaketaren 81. urteurrena oroituko du 2018ko apirilaren 25ean, 26an eta 29an. Horretarako, erakusketak, Hiroshimako zuhaitz bat landatzea eta Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika sariak banatuko dituzte.
Urteurrena ospatzeko ekitaldiak asteazkenean, apirilaren 25ean, hasiko dira ‘Gernika. Bakearen hiria’ dokumentalaren emanaldiarekin eta egileekin egingo den solasaldiarekin. Emanaldiak 41 minutu iraungo du eta Elai Alai aretoan izango da, 20:30ean.
Ostegunean, ekitaldiak egun osoan egongo dira. Goizean, ‘Memoriaren ibilbidea’ egingo da bonbardaketaren lekurik esanguratsuenetan zehar, argazkiz eta lekukoen testigantzez osatuta.
Eguerdian, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika sarien banaketa egingo da Lizeo Antzokian. Aurten, Daniel Barenboim musikaria eta orkestra zuzendaria eta Helena Maleno Giza Eskubideen defendatzaile, kazetari, ikertzaile eta dokumentalista sarituko dituzte.
Bonbardaketan hildakoen aldeko errespontsua eta lore eskaintza 16:30ean izango da, Zallo hilerrian, eta manifestazio isila egingo dute gauean, kandelak eskuetan, eguna amaitzeko.
Igandean, apirilaren 29an, eguerdian, Hiroshimako zuhaitz bat landatuko dute Europa Parkean; Japoniako hirian bonba atomikoa bota ostean jaio diren zuhaitzen bigarren belaunaldiko bat.
Besteak beste, hauek egongo dira ekitaldi horretan: Kazumi Matsui Hiroshimako alkatea, Yasuyoshi Komizo Mayor for Peace (Bakearen aldeko alkateak) elkarteko idazkari nagusia eta Gernika-Lumoko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.