Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Donibane Garazin hildako emakumea 'nahita' harrapatu zuen bikotekide ohiak
Baionako prokuradoreak esan duenez, harrapaketa nahita egindakoa izan arren, ez zuen hura hiltzeko asmorik izan. Behin-behineko espetxealdia eskatu du.
EiTB.EUS
Donibane Garazin larunbatean hildako emakumea nahita harrapatu zuen bikotekide ohiak, baina ez zuen hura hiltzeko asmorik, Baionako prokuradoreak esan duenez.
Akusazio horrekin aurkeztu dio kasua instrukzio-epaileari eta behin-behineko espetxealdia eskatu du.
Dirudienez, biktimak salaketa jarrita zuen tratu txarrengatik bikotekide ohiaren kontra.
Gertaerak
32 urteko emakumea larunbat goizaldean hil zen, Donibane Garazin, bikotekide ohiak gidatzen zuen autoak harrapatuta. 05:00ak aldera izan zen harrapaketa, Donibane Garaziko Kale Nagusian, Udaletxetik gertu.
Kolpearen ondorioz, oso larri zauritu zen emakumea, eta anbulantziak berehala iritsi ziren arren, bertan hil zen. Brasildarra zen eta Donibane Garazin bizi zen.
Bikotekide ohiak gertatutakoa istripu bat izan zela esan bazuen ere, jendarmeek polizia-etxera eraman zuten, galdekatzera.
--------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan