Gizartea -
Indarkeria matxista
#Kontaezazu: patriarkatuaren 'trapu zikinak' azalerazteko ekimena
Dozenaka milaka emakumek jasan dituzten sexu-erasoak kontatu dituzte Twitter sare sozialean.
EFE
'La Manada' auziaren epaiketako ebazpenak eragindako haserrearen ondotik, #Kontaezazu ekimena jarri dute abian sare sozialetan, indarkeria matxistaren biktimen testigantzak publiko egin eta emakume horiei guztiei ahotsa emateko.
Cristia Fallaras idazleak bultzatu du ekimena, "patriarkatuaren trapu zikinak azalerazteko asmoz". Dozenaka milaka emakumek jasandako sexu-erasoak kontatu dituzte Twitter sare sozialean, eta asteburuan #Kontaezazu traola trending topic izan zen.
Fallarasek EFE agentziari adierazi dionez, "ekimen honen helburua emakumeok pairatzen dugun minaren memoria eraikitzea da".
"Emakumeok ez dugu kontakizunik, lapurtu egin digutelako. Erakundeek eta komunikabideek ez dute emakumeen kontrako indarkeriaren kontakizuna egin. Beraz, kontakizun hori emakumeok sare sozialen bidez egiteko unea iritsi da", azpimarratu du.
"Emakumeak elkarren artean identifikatzeko balio izan du ekimenak. Gehien errepikatu den adierazpena 'niri soilik gertatzen zitzaidala uste nuen' izan da. Baina bat-batean emakume horrek ikusten du bere kasua ez dela bakarra eta indarkeria matxista gezurra denaren ideia edo horrelakoak lizuna edo ahohandia izateagatik gertatu zaizkizula pentsatzeko joera hautsi egiten da", azaldu du.
Laura Freixas idazle feministak ohartarazi du patriarkatuaren "armarik handiena" emakumeak isilaraztea dela.
"Gehiegikeriak edo eraso arinak sufritu ditugun emakumeontzat ekimen hau oso garrantzitsua da, gertatu zaiguna kontatuz, elkartuta, babestuta eta, ondorioz, indartsuago gaudela konturatzeko balio digu. Horrela konturatuko gara intentsitate gutxiko indarkeria hori zenbateraino ematen den emakumeon egunerokotasunean", erantsi du.